WiMAX sarea

WiMAX sareak hainbat maiztasunetako bandak darabiltza (2,3; 2,5; 3,4; 3,6; 5,4 eta 5,8 GHz, eta baita 700 eta 900 MHz ere), eta 70 Mbit/s-ko gehienezko abiadura eskaintzen du.  Sarearen gehienezko distantzia teorikoa, ostera, 50 kilometrokoa da.

WiMAX teknologiaren helburua da, alde batetik, WiFi sare lokalak eremu zabalagoetara hedatzea, eta, bestetik, Interneteko zerbitzu-hornitzaileei (ISP) edo beste garraiatzaile batzuei azken kilometroko konektagarritasuna eskaintzea.

WiMAX estandarrak hainbat bertsio ditu; guztiak 802.16 zenbakiaren bidez identifikatzen dira (802.16a, 802.16d, 802.16e, etab.), eta bakoitza sare-mota jakin bati dagokio (sare finkoa, sare mugikorra, eraikuntza barneko sarea, etab.). Bestalde, WiMAX estandarraren arduradunak teknologia hori gainerako haririk gabeko sarbideekin bateragarria izan dadin ahalegintzen dira.