Telebista elkarreragilea

Telebista elkarreragilea satelitearen, kablearen edo bideo-grabagailuaren bidezkoa izan daiteke (bideo-grabagailua, nahi izanez gero, sateliteari edo kableari lot dakioke). Informazioa transmititzeko, hiru bide daude: erabiltzaile guztiei aldi berean informazio bera transmititzea eta erabiltzaileak (edo erabiltzailearen hargailuan instalatutako programak) jasotako programa guztien artean bat aukeratzea; eskaera-erantzuna sistema, Interneten antzera dabilena, hau da, erabiltzaileak fitxategi bat eskatzen dio hornitzaileari eta hark bidali egiten dio eskatutakoa; bideo-grabagailu pertsonal adimenduna, erabiltzailearen zaletasunak ikasi eta, ikasitakoaren arabera, erabiltzailearen gustukoak izan litezkeela iruditzen zaizkion programak grabatzen dituena.

Programak ikusi edo/eta gordetzeko, ostera, beste hiru aukera hauek daude: denbora errealean ikustea, hornitzaileak transmititu ahala; lehendabizi informazioa deskodegailuan gorde, eta gero biltegiratzeko datu-basera transmititzea; biltegiratzeko datu-basea deskodegailuan gordetzea.

Aplikazio interaktiboen artean, honako hauek daude: entretenitzeko eta informatzeko programak, iragarki pertsonalizatuak, programen gida interaktiboak, eskatu ahalako bideoa, bideo-jokoak, telebistaren bidezko merkataritza, Interneteko edukiak (webguneak, posta elektronikoa, eztabaida-taldeak, SMS zerbitzua), eta abar.