Zelula

Zelula bakoitzean zentral txiki bat dago, eta zentral horretan seinalea oso urrutira igor ez dezakeen antena eta irrati-ekipoa daude. Zelula bakoitzari 800 eta 900 MHz bitarteko maiztasun-kopuru bat esleitzen zaio. Alboz alboko zelulek maiztasun desberdina izan behar dute, baina albokoak ez diren bi zelulatan maiztasun bera erabil daiteke; gainera, neurri txikian bada ere, elkarren ondoko zelulak gainjarri egiten dira. Telefonoa zelula batetik bestera mugitu arren, komunikazioa ez da eteten, bi zeluletako zentralak koordinatu eta maiztasuna aldatzeko agindua bidaltzen baitiote telefonoari.

Hori egin ahal izateko, telefono mugikor bakoitzak identifikazio-zenbaki bat du (serie‑zenbaki elektronikoa); zenbaki horren bidez, kommutazio-guneak (MTSO) dagokion eremu geografikoko telefono mugikor guztiak kontrola ditzake, eta, behar izanez gero, komunikazioa beste zelula bateko telefonogunera bidera dezake.

Telefono mugikor bat aktibatzen denean, sistemak telefono horri seinalerik sendoena eskain diezaiokeen kanala bilatzen du, une horretan libre dauden kanalen artean. Erabiltzailea toki batetik bestera (eta, beraz, zelularen eremu batetik bestera edo zelula batetik bestera) mugitzen ari bada eta uneren batean seinalea ahuldu egiten bada, sistemak zelula bereko beste maiztasun bat edo beste zelula bateko maiztasun bat esleitzen dio automatikoki. Seinale onargarririk aurkitzen ez badu, telefono-pantailan agertzen den mezu baten bidez ematen dio erabiltzaileari egoeraren berri. Sistema horren bidez, posible da hiri bereko zelula desberdinetan maiztasun bera erabiltzea mugikorraren bidezko zenbait komunikaziotan.