Komunikazio mugikorretako sistema orokorra (GSM)

GSM estandarra teknologia digitalean eta TDMA teknologian (denbora-zatiketa bidezko sarbide anizkoitza) oinarrituta dago. 1980ko hamarkadan garatu zuten, eta 1992an erabili zen lehengo aldiz. Dena den, etengabe garatzen ari da, eta hirugarren belaunaldiko GSM estandarrak, ahotsa eta testu-mezu laburrak (SMS) bidali eta jasotzeaz gain, multimedia-mezuak transmititzeko aukera eta Interneterako sarbide azkarra ere eskaintzen ditu.

GSM estandarraren ezaugarririk nabarmenetakoa roaming zerbitzua da. Zerbitzu horrek, besteak beste, nazioarteko 170 herrialde baino gehiagotan telefono-zenbaki bera erabiltzeko aukera ematen du. Lurreko oinarri-estazioek estaldurarik bermatzen ez duten tokietan, komunikazio-sateliteen bidezko estaldura eskaintzen da.

GSM estandarra darabilten telefono mugikorrak programatzeko, erabiltzailearen kontuari buruzko informazioa gordetzen duen SIM txartela ipini behar da telefonoan.