Sare-topologia

Antolamendu fisikoari dagokionez, era askotako sareak osa daitezke. Guztien artean sinpleena bus-sarea edo sare lineala da; terminal guztiak bus edo eroale-linea berera konektatuta daude, guztiak maila berean, hau da, ez dago ez menpeko terminalik ez terminal nagusirik. Egitura horrek datuak abiadura handian transmititzeko aukera ematen du. Sare lineal ezagunena Ethernet da.

Eraztun-sarean ere ez dago terminal nagusirik, eta terminal guztiak eraztun-itxurako zirkuitu itxi batera konektatuta daude; terminal batetik informazioa transmititzeko baimena lortzeko, ezinbestekoa da sarean zehar dabilen tokena edo lekukoa eskuratzea.

Izar-sarean, ordea, terminal nagusi bat dago, eta gainerako terminalak terminal nagusi horretara konektatuta daude.

Izar-sare bi edo gehiago konbinatuz gero, zuhaitz-sarea lortzen da. Kasu horretan, izar‑sare bakoitza sare lokal bat da, eta zuhaitz-sarea osatzen duten terminal guztiak terminal nagusi berera konektatzen dira; gainera, izar-sare bakoitzeko terminal nagusia bus izeneko hari nagusira konektatzen da, eta, hartara, izar-sarez osatutako bus-sarea osatzen da.

Aurrekoez gain, egitura konplexuagoa duten sareak ere badaude. Guztiz konektaturiko sarean, esaterako, terminalak zuzenean konektatuta daude eta edozein motatakoak izan daitezke. Sare gurutzatuetan, bestalde, bi bideren edo gehiagoren bidez konekta daitezkeen terminal bi edo gehiago izaten dira. Sare hibridoetan, azkenik, sare-mota bi edo gehiago konbinatzean dira.