Pakete-kommutazio bidezko datu-sarea

Teknika hau darabilten sistemetan, zirkuitu-kommutazioa darabiltenetan ez bezala, mezu bat osatzen duten pakete guztiak ez dira zertan bide beretik transmititu; izan ere, pakete guztiek dute helburuko helbidea, eta, hortaz, sareko lineak libratu ahala eta hainbat bide erabilita bidal daitezke.

Pakete batek jarraitzen duen bidean linea bi edo gehiago izaten badira, paketea tarteko memorietan biltegiratzen da, harik eta hurrengo bide-zatia egiteko linea bat libratzen den arte. Hori dela eta, mezu bat osatzen duten datu-paketeen hedatze-denborak desberdinak izaten dira normalean; ondorioz, paketeak ordena desegokian heltzen dira helburura, eta helburuko ordenagailuari dagokio jasotako paketeak ordenatzea.

Teknika honen bidez, hornitzaileek luzeran eta informazio-motan oinarritutako tarifak eskain diezazkiekete bezeroei. Duela gutxi arte, pakete-kommutazioa datuak transmititzeko erabili izan da batez ere, ez ahotsa eta bideoa aldi berean transmititzeko. Hala ere, IP eta ATM teknologien bidez pakete-kommutazioa mota guztietako transmisioetarako erabili ahal izatea espero da.

X.25 izan zen hedadura zabaleko sareen bidezko pakete-kommutaziorako sortu zen lehenengo estandarra; garai hartan, ordea, zirkuitu guztiak analogikoak ziren, eta oso ohikoa zen zirkuituetan transmisio-arazoak sortzea. Geroztik, sare digitaletarako propio sortutako teknologiak garatu dira (Frame Relay, SMDS, etab.), eta, horien bidez, transmisioan gertatu ohi ziren errore gehienak saihestea lortu da.