Telekomunikazio mugikorren sistema unibertsala (UMTS)

Telefono mugikorraren bidez Internetera konektatu eta informazioa jaso eta bidaltzeko aukera ematen du. WCDMA teknologiari esker, 2 Mbps arteko transmisio-abiadura eskain dezake. Dena den, hasiera batean 384 kbps arteko abiadura eskainiko du, betiere estalduraren, trafiko‑bolumenaren, sarbide-zerbitzariaren eta beste zenbait faktoreren arabera. Abiadura horrek kalitatezko Interneterako sarbidea bermatzen du (txat, berehalako mezularitza, bideokonferentziak, bideotelefonia...), eta hainbat multimedia-zerbitzu erabiltzeko aukera ematen du (streaming, musika, bideoak, etab.). Bestalde, UMTS sarearen bidezko konexioa erabat segurua da; horrek esan nahi du, besteak beste, telefono mugikorraren bidez enpresa eta erakundeetako intranetera konektatu eta operazio seguruak egin daitezkeela.

Internetera berehala konektatzen denez, UMTS zerbitzuak 'etengabeko konexioa' eskaintzen duela esaten da. Gainera, konexio-denboraren araberako tarifen ordez, beste faktore batzuetan oinarritutako tarifak ezartzeko aukera ematen du: bidali edo jasotako datu‑bolumenarem araberakoak, saiokoak, tarifa finkoa, etab. Bestalde, 2 GHz inguruko maiztasun‑bandak darabiltza, eta banda-zabaleraren erabilera dinamikoa da; hau da, transmisio bakoitzari esleitutako banda-zabalera uneko transmisio-motaren araberakoa da (ahots-deia, bideoa deskargatzea...). Azkenik, Lurreko sareak eta satelite bidezko konexioa erabiltzen dituenez, mugikortasun handia eta roaming globala ahalbidetzen ditu.

Oraingoz, UMTS sareak ez du erabateko estaldura eskaintzen; % 100eko estaldura lortu bitartean, GSM eta UMTS sareak aldi berean erabiliko dira. 2010. urterako, ordea, Europan telefono mugikor guztiek UMTS sarea erabili ahal izatea espero da. Mundu osoa kontuan hartuz gero, urte horretarako 2.000 milioi erabiltzaile baino gehiago izango omen ditu.