Estaltze-eremua

Telefonia mugikorrean, komunikazioak estaldura-eremuaren barnean egin daitezke. Telefonia zelularrean, estaltze-eremua hainbat zelulaz osatua izaten da, eta, zelula horien estaldura lortzeko, Lurreko oinarri-estazioak eta komunikazio-sateliteak erabiltzen dira.

Estaltze-eremuak horretarako propio sortutako legeen arabera esleitzen dira. Horrela bada, operadore bakoitzak estaltze-eremu mugatua izaten du, eta, kasu berezietan, eremu horretatik kanpo ere zerbitzua eskaini ahal izateko, beste operadore batzuen estaltze-eremuak erabiltzen dituzte. Hori egiten da, adibidez, dagokion estaltze-eremutik kanpo dagoen telefono mugikorraren bidez larrialdi-deiak egin ahal izateko.

Bestalde, seinaleak igortzen dituen gailu bakoitza (telefono mugikorra, etab.) eremu geografiko jakin batean erregistratuta dago, eta eremu horretatik kanpo ere erabili ahal izateko, roaming-zerbitzua erabiltzen da; hau da, zerbitzu-hornitzaileak beste hornitzaile batzuekin egindako akordioen bidez, erabiltzaileak dagokion eremu geografikotik kanpo ere bere hornitzaileak eskainitako zerbitzuak erabiltzeko aukera du. Horretarako, ordea, gehiago ordaindu behar da, dela roaming-zerbitzua aurrez kontratatua dela zerbitzuren bat erabiltzen den bakoitzean ohi baino gehiago ordainduta.