Fitxategiak transferitzeko protololoa (FTP)

FTP protokoloa OSI erreferentzia-ereduko aplikazio-mailako (edo zazpigarren mailako) protokoloa da, eta hauek dira protokolo honekin lortu nahi diren helburu nagusiak: fitxategien (programak edo/eta datuak) erabilera partekatua sustatzea, urruneko zerbitzarien erabilera sustatzea, fitxategiak ordenagailuan gordetzeko aukera desberdinen arteko bateragarritasuna bermatzea eta datu-transmisio fidagarri eta eraginkorra bermatzea.

Horrenbestez, FTP protokoloa eta protokolo horretan oinarritutako programak hainbat motatako informazioa duten fitxategiak trukatzeko erabil daitezke, hala nola testu soila, diagramak, irudiak, soinua, eta abar. Besteak beste, ordenagailu lokalean landutako HTML dokumentuak web zerbitzarira transferitzeko erabiltzen dira (HTML dokumentuak web-zerbitzaritik ordenagailu lokalera jaisteko, ostera, HTTP protokoloa erabiltzen da). Horrez gain, sarean saioa hasteko, kanpo-memorian biltegiratutako fitxategien izenez osatutako direktorio edo katalogoa bistaratzeko, fitxategiak kopiatzeko, ASCII eta EBDIC karaktere-kodeen arteko bihurketa egiteko eta abarrerako ere erabiltzen dira.

Bestalde, aipatu behar da FTP sigla protokolo horretan oinarritutako aplikazioak eta protokolo horren bidez egindako transferentziak izendatzeko ere erabiltzen dela.