Erabiltzaile-datagramen protokoloa (UDP)

UDP protokoloa OSI erreferentzia-ereduko garraio-mailako (laugarren mailako) eta konexiorik gabeko protokoloa da; hau da, datuak transmititzeko, ez da beharrezkoa hartzailea ere sarera konektatuta egotea. Ez du hartu izanaren adierazpenik bidaltzen, eta ez du erroreak detektatzeko sistemarik. Horregatik, beste protokolo batzuk baino azkarragoa da, baina, era berean, beste protokolo batzuk baino fidagarritasun txikiagoa ere badu, ez baitu bermatzen datagramak helburura iritsiko direnik.

TCP protokoloaren ordez erabiltzen da, betiere fidagarritasun handia behar ez duten transmisioak egiteko. Adibidez, pakete txikiak transmititzeko edo irudia eta ahotsa denbora errealean transmititzeko erabiltzen da (galdutako paketeak ez dira kontuan hartzen, denbora errealeko transmisioetan ez baitago informazioa berriro bidaltzeko denborarik). Bestalde, UDP protokoloa informazioa hartzaile ugarirengana (multidifusioa) edo hartzaile ororengana bidaltzeko ere erabiltzen da. Izan ere, datagramak hartzaile guztiengana iritsi edo ez, sistemak berdin jarraitu behar du datagramak bidaltzen. Gainera, hartzaile guztiek jaso izanaren adierazpena bidaliko balute, sistema kolapsatzeko arriskua egongo litzateke.