TELEKOMUNIKAZIOEN HISTORIA
Gizakiak jendartean bizitzeko joera du, eta, beraz, komunikatzeko beharra dauka. Komunikatuko ez balira, gaur egungo gizartea osatzen duten pertsonak guztiz isolatuta biziko lirateke. Horregatik, komunikazioa etengabe garatu da, eta, apurka, egun ezagutzen ditugun teknologia sofistikatuetara iritsi da. Jakina denez, telekomunikazioen helburua nagusia urruti dauden tokien artean zubia eraikitzea da, batetik, eta zubi hori ahalik eta azkarren gurutzatu ahal izatea, bestetik.
K.a. 5000
Historiaurrean, gizakia
zarata eta soinuen bidez komunikatzen zen. Besteak beste, eskuen bidezko seinaleak
eta gorputzeko beste hainbat mugimendu erabiltzen zituen.
K.a. 3500 Garai hartako gizakiek zeinu abstraktuak irudikatzen zituzten zuhaitzetako orriez eginiko paperetan.
K.a. 3000 Egiptoarrek ideiak sinboloen bidez irudikatzen zituzten (hieroglifikoak); hartara, papiro, egur, harri eta abarretan jasotako informazioa toki batetik bestera eta urrutira eraman zezaketen.
K.a. 1700-1500
Soinu gutxi batzuk adierazteko,
sinboloak asmatu zituzten, eta sinbolo horiek alfabetoko lehen ikurrak izan
zirela esan daiteke. Sinboloak elkarrekin jarrita, ostera, hitzak sortu zituzten.
Alfabetoa egun Siria eta Palestina dauden lurraldeetan sortu zen.
Garai berean, greziarrek heliografia asmatu zuten; hau da, komunikatzeko, eguzki-izpiak ispiluetan eta antzeko gainazal distiratsuetan islatzen zituzten.
K.a. 1500 Aztekak heraldoek oinez eramandako mezu idatzien bidez komunikatzen ziren. Afrikan eta Hego Amerikan, berriz, danbor eta kantuen bidez komunikatzen ziren. Ipar Amerikako indioek, azkenik, ke-seinaleak erabiltzen zituzten.
K.a. 1184
Mezuak urrutira helarazteko, ke-seinaleak erabiltzen zituzten. Erromatarrek eta
Greziarrek oso sistema konplexuak erabiltzen zituzten.
K.a. 500
Alexandriako Kleoxenos eta Demokleitos ingeniariek gauez bakarrik erabil
zitekeen sistema bat asmatu zuten. Mendi baten bidez banatutako bi bidetan
argi-zuziak jarri eta, zuzien kantitatearen eta kokapenaren arabera, mezu jakin
bat irakur zezaketen.
Baina, beharbada, maratoia izan zen informazioa urrunera transmititzeko egin zen lehen ahalegin serioa. Pertsona batek mezu bat hartu eta kilometro asko eta asko egiten zituen korrika, mezua toki batetik bestera eramateko.
Geroago, komunikazioa ahalbidetzen zuten beste sistema batzuk sortu ziren. Adibidez, altuera handiko toki batean jarri eta, besoen mugimenduarekin, informazioa transmititzen zuten. Basoak zeuden tokietan, berriz, danbor bidezko telegrafoak erabiltzen zituzten.
K.a. 360 Urezko
telegrafoak asmatu zituzten. Informazioa gorde eta ke- edo su-seinaleen bidez
transmititzen zuten. Argi-zuzien bidezko telegrafoetako informazioa gordetzen
zen, geroago irakurri ahal izateko. Asmakizun horri telegrafo hidrooptikoa
deitu zitzaion. Altuera jakin bateraino urez beteriko kupelek erabiltzen ziren,
eta kupel horiek bidali nahi zen su-seinalearen arabera zabaltzen edo ixten
ziren.
1729 Stephan Gray fisikari ingelesa konturatu
zen tximistak izugarrizko deskarga elektrikoak direla, eta elektrizitatea
garraiagarria dela ondorioztatu zuen.
1750
Benjamin Franklin fisikari eta politikari estatubatuarrak zenbait esperimentu
egin zituen kometekin, eta karga elektrikoaren kontserbazioaren legea aurkitu
zuen. Horrekin batera, karga positiboak eta karga negatiboak daudela esan zuen.
1752 Franklinek elektrizitatea aurkitu
zuen.
1753 Otsailaren
17ko Scott Magazine aldizkarian, ustez Charles Marshall edo Charles
Morrisonek sinatutako artikulu bat argitaratu zen (ez dago argi nork idatzi
zuen, C. M. sinatu baitzuen). Artikulu hartan, lehenengo telegrafo
elektrostatikoaren deskribapen zehatza azaltzen zen.
1774
Georges-Louis
Lesage matematikari eta fisikari genevarrak
telegrafia elektrostatikoaren lehen prototipoa kaleratu zuen.
1780 Charles
Augustin de Coulomb fisikari frantsesak berak asmatutako tortsio-balantza
erabili zuen indar elektriko eta magnetikoak aztertzeko.
1787 Aditu
batzuek diotenez, Agustín de Bethancourt espainiarrak esperimentu telegrafikoak
egin zituen Madril eta Aranjuez artean, Leiden botila erabilita.
1790
XVIII. mendeko azken hamarkadan, zientzialari espainiar baten izena eman zen
ezagutzera: Francisco Salvá y Campillo. Ikerkuntza-lana telegrafia elektrikorako
sistema praktiko bat bilatzera bideratu zuen, hau da, bere helburu nagusia zen elektrizitatea
telegrafian erabili ahal izatea. Zientzialari espainiarrak Leiden botila
batean bildutako deskargetan oinarritutako telegrafo elektronikoa aurkeztu
zuen.
Telegrafo optikoaren lehen erabilpen
praktikoak azaldu ziren. Claude Chappe asmatzaile frantziarrak seinale optikoen
sistema eratu zuen: seinale optikoen eta horien kodeen bitartez, posible zen
zeinu alfabetiko eta numerikoak urrutira transmititzea. Lehen lineak izan zuen
arrakasta ikusita, telegrafia-sarea Frantzia osora hedatzen hasi ziren.
1794
Uztailaren 19an, historiako lehen telegrama igorri zen.
Ingelesek zenbait linea telegrafiko jarri
zituzten.
Frantzian, telegrafia optikoa herrialde osora
hedatu zen.
1794-1808 Espainian,
adituak hainbat sistema telegrafikorekin esperimentatzen ari ziren. Telegrafia
optikoaren eta elektrikoaren instalazioak oso jarraian egin zirenez,
lehenengoak oso bizitza laburra izan zuen.
1800 Telegrafo
optikoaren lehen kable elektrikoak jarri ziren Espainian, eta, telegrafoarekin batera,
berriak zabaltzen zituen prentsa asko indartu zen. Bestalde, telegrafoak guztiz
aldatu zuen denborari eta distantziari buruzko ikuspuntua.
Ameriketako Estatu Batuetan, telegrafia
optikoko lehen sistema jarri zuten martxan, Boston hiriaren eta inguruko uharte
baten artean. Hala ere, telegrafia optikoa ez zen hedatu ekialdeko zenbait
hiritatik haratago. Izan ere, benetako telegrafia-sarea telegrafo
elektrikoarekin eraiki zuten.
Prusian, telegrafia optikoa beharrizan
militar eta politikoek bultzatuta sortu zen. Dena den, berandu eraiki zen, eta
ez zen askorik erabili.
Alessandro Volta fisikari italiarrak lehen
bateria diseinatu zuen.
1800-1837 Fourier, Cauchy eta Laplace
matematikari frantsesen tratatu matematikoak agertu ziren.
1801 Voltak asmakizun berri bat aurkeztu zuen: pila
voltaikoa edo pila elektrikoa.
1809 Salvá y
Campilloren metodoetan oinarrituta, Samuel Thomas von Soemmerring zientzialari
alemaniarrak telegrafo elektrokimiko berri eta hobetua aurkeztu zuen.
1819
Chistian Oersted fisikari danimarkarrak elektromagnetismoa aurkitu zuen: eroale
elektriko baten azpian iparrorratz bat jarri eta eroalean zehar korronte
elektrikoa zirkularaziz gero, iparrorratza mugitu egiten da. Aurkikuntza horren
bidez, korronte elektrikoak eremu magnetikoak eragiten dituela azaldu zuen, hau
da, elektrizitateak magnetismoa sor dezakeela. Ordura arte, elkarrekin
zerikusirik ez zuten fenomenoak zirela uste zen.
1820 André
Marie Ampère fisikari frantsesa Oerstedek esandakoa baino haratago joan zen:
harila asmatu eta magnetizazioa lortu zuen. Ia aldi berean, Georg Simon Ohm
fisikari alemanak tentsioa, korrontea eta erresistentzia lotzen dituen legea
argitaratu zuen, hau da, Ohm-en legea (V = IR).
1821 Michael
Faraday fisikari britainiarrak indukzioa aurkitu zuen, eta Oerstedek
aurkitutako efektuak itzulgarriak direla erakutsi zuen. Izan ere, iman egonkor
baten inguruko eroale elektriko birakarietan zehar korrontea ibiltzea lortu
zuen. Horrela, energia mekanikoa energia elektriko bihurtzea lortu eta lehen
sorgailu elektrikoa sortu zuen.
1826 Nicéphore Niepce fisikari frantsesak
historiako lehen argazkia ateratzea lortu zuen; horretarako, berun-eztainuzko
plater bat zortzi orduz geldirik eduki behar izan zuen. Louis Jacques Mandé
Daguerre jatorri euskalduneko asmatzaile frantsesak prozesu hori hobetu eta errebelatua
egiteko prozesu kimiko bat aurkitu zuen. Sistema horren bidez, esposizio-tartea askoz txikiagoa izatea lortu zuen (ordu erdi
ingurukoa). Dagerrotipo izenarekin ezagutzen den argazkia asmatu zuen.
1830 Joseph
Henry fisikari estatubatuarrak seinale elektrikoak bidali eta urrutian
jasotzeko sistema praktikoa diseinatu zuen. Asmakizun hori telegrafo
elektrikoaren aitzindaria izan zen.
Morse, Cooke eta Wheatstone
asmatzaileek kodifikazioari buruzko kontzeptuak plazaratu zituzten.
1831 Madril, Aranjuez eta San
Ildefonso artean telegrafia optikoko lehenengo sistema ezartzea lortu
zuten.
1832
Paul von Schilling-Cannstadt errusiarrak lehen telegrafo elektromagnetikoa
eraiki zuen, nahiz eta Carl Friedrich Gauss eta Wilhelm Weber zientzialari
alemaniarrak izan lehen aparatu erabilgarriaren
egileak.
1833
Weber eta Gaussek lehen linea elektromagnetikoa jarri zuten Alemaniako Göttingen
hirian. Lehenengo aldiz, erabilera praktikoa eman zitzaion energia elektrikoari.
1833-1837
Gauss eta Weberrek zenbait telegrafo elektromagnetiko asmatu zituzten.
1835 Karl
August Steinheil fisikari alemaniarra seinaleak errailen bidez transmititzen saiatu
zen. Arazorik handiena isolamendua zen.
1836 Samuel F. B. Morse asmatzaile eta
pintore estatubatuarrak transmisio telegrafikorako lehen ekipo elektrikoa
asmatu zuen. Telegrafoa komunikazio-sistema bat da, eta inpultsu elektrikoetan
oinarritutako kode baten bidez seinaleak igorri eta jasotzeko aukera ematen duen
ekipo elektriko batean oinarrituta dago. Morse deituriko oinarrizko kodea
erabilita, kable bakar batean zehar zirkulatzen duten inpultsu elektrikoen
bidez mezuak transmititzeko erabiltzen da. Morse telegrafoak kommutadore
elektriko baten antza du. Atzamarrez egindako presioaren bidez, korrontea
zirkulatzen uzten du lehenik, eta gero eten egiten du korrontearen zirkulazioa.
Esperimentuetan, Morse konturatu zen seinaleak
1837
Asmakizun berriaren arrakasta ikusita, zenbait urtetan telegrafo
elektromagnetikoa erabili zuten estatu guztiak Morseren telegrafoa erabiltzen
hasi ziren. Telegrafo hori XIX. mendearen bukaerara arte erabili zen.
1839
Europan, Erresuma Batua izan zen telegrafia elektrikoa ezarri zuen lehen
herrialdea. Horretarako, tren-konpainiak erabili zituzten. 1869ko urtarrilaren
1ean, lehen sare telegrafiko elektrikoaren hariak jarri zituzten Londres
inguruan, Cooke eta Wheatstonen sistema erabiliz.
1840 Morsek lehen patentea lortu zuen.
1842 Haririk gabeko telegrafiaren
asmatzaile Joseph Henry fisikari estatubatuarra konturatu zen etxeko goiko
solairuan kokatutako deskarga-zirkuitu batekin zenbait solairu beherago zegoen sotoan
jarritako orratzak magnetiza zitezkeela. Hari bertikal bat erabiliz, 12 km-ko
distantziara zeuden izpiak jasotzen zituen.
Frantzian, telegrafo elektrikoarekin
lehenengo saiakuntzak egiten hasi ziren. Ordura arte, ez zuten sistema hori
erabili, telegrafo optikoa oso hedatua zegoelako.
1843 Alexander Bain erlojugile eskoziarrak
linea telegrafikoetan zehar irudiak transmititzeko
sistema eraiki zuen, hau da, lehenengo faxa. Honakoa zen asmakizun berri haren
oinarria: dokumentu bat lerroz lerro ekortu, zuriuneak eta beltzuneak identifikatu
eta, azkenik, lortutako informazioa seinale elektriko bihurtu eta kable
telegrafikoen bidez transmititzea.
1844 Morsek bere izena duen kodea hobetu
zuen. Maiatzaren 14an, lehen transmisio elektrikoa egin zen Washington eta
Baltimore artean.
1845
Gustav Robert
Kirchhoff fisikari alemaniarrak zirkuitu elektrikoei buruzko oinarrizko legeak
argitaratu zituen.
Telegrafo elektrikoaren lehen linea ezarri
zuten Frantzian, Paris eta Rouen artean.
1846
Sare telegrafikoa eraikitzen hasi ziren Austrian, Hungarian eta Belgikan.
1847
Italian, sare telegrafikoa eraikitzen hasi ziren.
1849
Prusian, sare telegrafikoa eraikitzen hasi ziren, Berlin eta Frankfurt artean.
1850
XIX.mendearen erdialdean, sare telegrafikoa martxan jartzen ari zirenean, ez
zegoen telegrafo optikoa baino sistema bizkorragorik informazioa
transmititzeko. Telegrafo elektrikoak, ordea, komunikazioen mundua aldatu zuen,
eta distantziak eta denbora laburtu eta estatuak eta pertsonak hurbildu zituen.
Urpeko
kable baten bidez, Ingalaterra eta Frantzia komunikatzea lortu zuten.
Estatu aurreratuetan eta haien kolonietan, mugen
barruko sareak izan ziren bizkorren hedatu zirenak. Sare horiek eraiki ostean,
berriz, telegrafoaren erabiltzaileek estatuen arteko komunikazioa ahalbidetuko
zuen sarea eskatu zuten, komunikazio guztiak sare bakar baten bidez egin ahal
izateko. Gaur egun arte, nazioarteko sare horrek ez du ia aldaketarik izan
1851 Alemanian, suteen aurkako lehenengo
alarmak ipini zituzten, Berlinen eta Munichen.
Amerika eta Europa artean jarritako urpeko
kablea erabiltzen hasi ziren. Hala ere, Atlantikoa zeharkatzen zuen kable
horren bidez transmititutako seinaleak ahulduta iristen zirela ohartu ziren.
Kablearen luzera zela eta, korrontearen intentsitatea txikia zen helburuan, eta
intentsitate handiagoko hargailuak ezin ziren gai seinale horiek jasotzeko.
Arazo hori konpontzeko, William Thomson fisikari eta matematikari britainiarrak
beste hargailu bat asmatu zuen. Dena den, urpeko lehenengo kable horrek ez zuen
luzaro iraun.
1852
Suitzan, sare telegrafikoa eraikitzen hasi ziren.
1853 Errusian, sare telegrafikoa eraiki
zuten.
1853 eta 1855 urteen artean, Madril eta Irun
arteko linea eraiki zuten.
Seinalea
berehala transmititzeko aukera ematen duen kable bidezko telegrafoa asmatu
zuten.
1854 Charles Bourseul telegrafista belgikarrak
proposatu zuen zirkuitu elektriko bat aktibatu eta desaktibatzeko disko malgu
edo diafragma batean giza ahotsak sortzen dituen bibrazioak erabil zitezkeela.
Hartara, urrunean kokaturiko beste diafragma batean antzeko bibrazioak
sorrarazi eta hasierako soinua birsortzea lortuko litzateke.
1858 Ipar Amerika eta Europa arteko
komunikazio elektrikoa lortu zuten.
1860 Philippe Reiss maisu alemaniarrak
soinuak transmititzeko gauza zen sistema bat eraiki zuen; mintzez eta elektrodoz
osatua zegoen, eta korronte alternoa zerabilen. Asmakizun hori erabilita,
ahotsa transmititzeko lehen probak egin zituzten. Giza ahotsa bereiztea lortu
zuten, baina sistema ez zen hitzak bereizteko gai izan.
Apirilaren
3an, zaldi bidezko komunikazioa jarri zuten martxan: Pony Express.
Lehenengo
sistema telegrafikoak Graham Bell, Elisha Gray eta Thomas A. Edison
estatubatuarrek eraiki zituzten. Graham Bell eta Elisha Gray, bakoitza bere
aldetik, hari telegrafiko batean zehar zenbait mezu aldi berean transmititzeko
aukera emango zuen sistema telegrafikoa asmatu nahian zebiltzan. Garai berean,
Graham Bellek telefonoaren lehenengo prototipoa kaleratu zuen. Telefono hori
kable elektriko baten bidez loturiko transmisore eta hargailu banaz osatua
zegoen.
1861 Linea telegrafikoek Estatu Batuak ia
alde batetik bestera zeharkatzen zituen.
Reissek 90
metrora transmititzeko gai zen lehen telefonoa egin zuen. Soinuak sortzeko,
kontaktu elektriko batez kitzikaturiko animalia-mintz bat erabili zuen; mintz
hartzaile gisa, ostera, induktore galbaniko oszilatzaile bat erabili zuen.
1864 James Clerk Maxwell fisikari
eskoziarrak eremu elektromagnetikoaren teoria dinamikoa argitaratu zuen,
eta, teoria horretan, erradiazio elektromagnetikoa aurreikusi zuen.
1866 Cyrus Field & Associates
enpresak Atlantikoa zeharkatzen zuen eta Ipar Amerika eta Frantzia lotzen
zituen kable telegrafikoa jarri zuen. Bigarren urpeko kable horrek garrantzi
handiagoa izan zuen, Wheatstone eta Thomsonek tentsio elektrikoarekin sortutako
arazoak konpondu baitzituzten.
Uztailaren 27an, urpeko kablearen bidezko
lehen telegrama bidali zuten.
Mahlon
Loomis asmatzaile estatubatuarrak haririk gabeko telegrafoa asmatu zuen.
Sistema hori bi kometaz osaturik zegoen; eroale elektrikoak zituzten soketan,
eta bi kilometroko distantziara kokaturik zeuden. Kometa batera galbanometro
bat konektatzen zen, hau da, galbanometroaren mutur bat eroale elektrikora konektatzen
zen, eta beste muturrarekin lur‑konexioa egiten zen. Kometa hori altuera
egokian kokatuz gero, galbanometroak korronte
txiki bat neurtzen zuen, lainoen eta Lurraren arteko potentzial-diferentziak eragindakoa.
Beste kometaren kasuan, eroale elektrikoaren muturra Lurrera konektatu eta
deskonektatzen zen, aldizka. Hartara, lainoek Lurrarekiko zuten
potentzial-diferentzia jaitsi egiten zen, eta potentzial hori beste kometako
galbanometroan neurtzen zen. Dena den, haririk gabeko komunikazioek beste 30
urte itxaron behar izan zituzten, hain zuzen ere, Marconik irrati-uhinen
bidezko telegrafoa asmatu arte.
1873
Graham Bell
asmatzaile estatubatuarrak pentsatu zuen mezu bat baino gehiago aldi berean eta
kable berean zehar bidaliz gero enpresa telegrafikoek abantaila handia lortuko
zutela, beste kable bat jarri gabe mezu gehiago bidaltzeko gaitasuna izango
luketelako. Gaur egun, kontzeptu horri multiplexazio esaten zaio, eta
oso erabilia da telefonian. Helburu hori lortzeko, ordea, Bellek uste zuen.tonu
desberdineko soinuak forma elektrikoan igortzea lortu behar zela.
Maxwellen teoriak zioenez, objektu
metalikoek, ispilu batek bezala, izpi elektromagnetikoak isla zitzaketen.
Gainera, erradiazio elektromagnetikoak hutsean edo airean argiaren
abiadurarekin bidaiatzen zuela zioen, hau da, erradiazio elektromagnetikoak
argiaren jokamolde bera zuela. Teoria hori egia zela frogatuz gero, uhin
elektromagnetikoak informazioa igorri eta istant berean hedatzeko gai zirela baieztatu
ahalko litzateke.
Maxwellentzat,
Faraday fisikari britainiarraren esperimentuak oso lagungarriak izan ziren
elektrizitatearen eta magnetismoaren arteko lotura ezagutzeko. Maxwellek argiak
izaera elektromagnetikoa zuela esan zuen, eta erradiazioak edozein uhin-luzera
izan zezakeela. Bestalde, komunikazioen teoriarako beharrezkoak ziren formula
matematikoak garatu zituen.
1874 Emil Baudot ingeniari frantziarrak oinarrizko bost seinaletan oinarritutako Baudot kodea asmatu zuen. Kode hori lehen transmisio telegrafiko eta irrati-telegrafikoetan erabili zen.
Lehen multiplexadore telegrafikoa garatu zuten. Sistema horrek sei erabiltzailek aldi berean kable bera erabiltzeko aukera ematen zuen.
Thomas Edison asmatzaile estatubatuarrak telegrafia laukoitza garatu zuen, aldi berean eta noranzko bietan bi mezu transmititzeko aukera ematen zuena.
1875 Ekainaren 2an, esperimentu batean lanean zebilela, Bellek soinu bat entzun zuen. Bell eta Watson soinuaren bibrazioen arabera ixten eta irekitzen zen korronte-begizta zuen telegrafoarekin saiakerak egiten ari ziren, eta Watson linearen beste muturrean zegoen. Bat‑batean, Bellek espero ez zuen soinu bat entzun zuen. Telegrafoa ikuskatzean, konturatu ziren kontaktuetako bat estuegi zegoela eta ez zela guztiz irekitzen eta, hala ere, kontaktu horretako erresistentzia aldatu egiten zela. Hura izan zen soinu bat kable elektriko batean zehar transmititu zen lehenengo aldia.
Edison
konturatu zen etengailu elektrikoen txinpartek erradiazioa sortzen dutela.
1876 Alexander Graham Bellek telefonia sortu
zuen, eta lehen mezu telefonikoa igorri zuten. Martxoaren 10ean, Bell eta
Watsonek kable elektriko batean zehar ahots-seinale bat transmititzea lortu
zuten. Lehen ahots-seinale hori transmisore kimiko bat erabiliz lortu zuten,
baina aparatu hori ez zen komertzialki oso bideragarria. Beraz, Bellek beste
transmisore bat egin zuen, aldi hartan indukzio elektromagnetikoan oinarritua.
Bellen lehen telefonoek ez zuten kanpo-elikadurarik erabiltzen, transmisorearen
bidez sorturiko energia elektromagnetikoa erabiltzen baitzuten.
Ia aldi
berean, Elisha Gray asmatzaile estatubatuarrak mikrofonoa patentatu zuen.
Beraz, telefonian
gertatutako azken jauzi nabarmena hiru iparramerikarri zor zaie: Graham Bell,
Elisha Gray eta Thomas A. Edison. Bakoitza bere aldetik, hainbat
maiztasun erabilita aldi berean mezu bat baino gehiago igortzeko sistema
aurkitu nahian zebiltzan. Bellen telefonoa metalezko kable eroale baten bidez
loturiko transmisore eta hargailu banaz osatua zegoen. Elektroiman baten bidez,
ahotsak bibrazioak sortzen zituen transmisoreko mintz metalikoan, eta, hartara,
oszilazio elektrikoak sortzen ziren. Oszilazio horiek kablean zehar
transmititzen ziren, eta hargailuko elektroimanak oszilazio elektrikoak
bibrazio mekaniko bihurtzen zituen. Azkenik, hargailuko mintzaren bitartez, igorleak
bidalitako soinua lortzen zen.
Telefonoen
lehen prototipoak aurkeztu zituzten Filadelfiako erakusketan.
Edisonek
Bellen telefonoa ordezka zezakeen telefonoa bat aurkeztu zuen.
1877 Apirilean, Thomas Edisonek telefonia
bideragarri egingo zuen transmisore berri baten patente-eskaera egin zuen.
Transmisore hori ikatzaren ezaugarri batean oinarritzen zen: presioarekin
batera, ikatzaren erresistentzia elektrikoa aldatu egiten da. Beraz, argi
zegoen: aukerarik egokiena zen Edisonen transmisorea (ikatzezko transmisorea)
eta Bellen hargailua (bozgorailu elektromagnetikoa) erabiltzea.
Espainiako
estatuan, Bartzelonan egin ziren lehenengo telefono-probak.
Lehen linea
telefonikoa jarri zuten Bostonen.
Ahotsa
transmititzeko bakarrik korronte jarraitua erabil zitekeela aurkitu ondoren,
Alexander Graham Bellek giza ahotsa kalitate onarekin transmiti zezakeen lehen
telefonoa eraiki zuen. Sistema berri hori igorgailu batez, hargailu batez eta
kable bakar batez osatua zegoen. Igorgailua eta hargailua berdinak ziren, eta
diafragma metaliko malgu batez eta harila baten barruan zegoen ferra-formako
iman batez osatua zegoen.
1878 Urtarrilean, lehen zentral telefonikoa
jarri zuten martxan Connecticuten (AEB). 21 erabiltzaile onartzen zituen, eta eskuz
maneiatu beharreko kontrolagailu batean oinarrituta zegoen . Zentrala instalatu
ostean, alta-eskaria egin zuten telefoniako lehen bezeroek.
Lehen
telefono-lotura ezarri zen.
Espainian, lehen
proba telefonikoak egiten hasi ziren.
1879 Ameriketako Estatu Batuetan, luzera handiko
lehen telefono-linea inauguratu zuten, hau da, Boston eta Providence artekoa.
Europan,
telefonoaren hedakuntza Estatu Batuetan baino askoz astiroago gertatu zen.
1880 Edisonek aurkitu zuen lanpara gori bateko
harizpi beroak elektroiak igortzen dituela.
1881 Bellek bi kabledun telefonoaren
patentea aurkeztu zuen. Ordura arte, telefonoek
eta telegrafoek eroale bakarra erabiltzen zuten, eta korrontea lur-konexioaren
bidez itzultzen zen; sistema horrek, baina, interferentzia gehiegi zituen.
1882 Nikola Tesla fisikari kroaziarrak
korronte alternoko sistema eraiki zuen; bere helburua zen garai hartako korronte
jarraituko sorgailu eta materialak ordezkatzea.
Espainian,
lehen sare telefonikoak eraiki zituzten.
1883 Edisonek Edison efektua edo efektu
termoionikoa aurkitu zuen. Gaur eguneko elektronika guztia aurkikuntza
horretan oinarritzen da.
1884 Irudien urruneko transmisioa zenbait
asmakizuni lotua dago. Horien artean, Paul Gottlieb Nipkow ingeniari
alemaniarrak urte honetan asmatutako disko zulatu irudi-arakatzailea
dago.
Kobrezko
kableei esker, konpondu egin ziren telefono-lineek urruneko konexioetan
eragiten zituzten arazo teknikoak.
1885 Edisonek karga kapazitibozko antena
polobakarrak erabiltzen dituen komunikazio-sistema patentatu zuen.
1886 Estatu Batuetan, erroldako datuak
txartel zulatuetan gordetzea lortu zuten.
1887 Marconi fisikari italiarrak haririk
gabeko telegrafia aurkitu zuen, eta Popoff ingeniari errusiarrak, ostera, antena
asmatu zuen.
Edisonek ikatzezko
botoi deituriko transduktorea eraiki zuen.
Almon B.
Strowger estatubatuarrak urratsez urratseko kommutazioa asmatu zuen.
Heinrich Hertz fisikari alemaniarrak
Maxwellek aurkitutako uhin elektromagnetikoak eta horien ezaugarriak frogatu
zituen esperimentalki. Osziladore baten bidez uhin elektromagnetiko bat
distantzia batera bidaltzea eta, gero, hartzaile baten bidez (antena) jasotzea
lortu zuen. Uhin elektromagnetiko horiek uhin hertziar ere izendatu
zituzten geroago, eta hura izan zen uhin irrati-telegrafikoekin egindako lehen proba
praktikoa. Ikerkuntza horrekin, haririk gabeko telegrafia posible zela frogatu
zuen Hertzek.
1889 Strowgerrek markatze bidezko telefonoa
asmatu zuen. Geroago, 1896an, hobetu egin zuen. Urte horien artean, gainera,
lehen telefonogune automatiko pribatua (PABX) eraiki zuen.
Lehen
telefono publikoa jarri zuten Connecticuten.
Thomas
Edisonek kinetoskopioa aurkeztu zuen. 1891an patentatu zuen.
Sydney
George Brown eta James Erskine-Murray zientzialari britainiarrek antenak multzotan
antolatzea proposatu zuten. Hala ere, lehen esperimentuak zazpi urte geroago
egin ziren. Ordurako, mikrouhin-antenak erabiltzen ziren, hala nola hargailu
parabolikoak, lenteak, harilak eta uhin-gidariak.
1891 Edouard Branly fisikari frantziarrak
uhin elektromagnetikoen lehen hargailua eraiki zuen, eta kohesore deitu
zion.
1892 Lehen lotura telefonikoa ezarri zen
New York eta Chicago artean.
Lehen
telefonogune automatikoa jarri zuten Indianan.
Strowgerrek
kommutazio automatikoko sistema aurkeztu zuen, urratsez urratseko sistema
deitua. Sistema horrek ez zuen bitartekaririk behar deitzailearen eta
hartzailearen artean, beraz, operadorerik gabeko lehen elkarrizketa telefonikoa
egitea lortu zen. Hala ere, sistema horrek ez zuen sekula ondo funtzionatu.
Lehenengo sistema automatikorako, botoidun telefonoak behar ziren, eta botoi
horiek hartzailearen telefono-zenbakia beste aldiz sakatu behar ziren. 1896an, diskodun
sistema erabiltzen hasi ziren. Sistema horrek bi hariko telefonoa behar zuen,
eta, horrez gain, beste kable bat ere behar zuen, lur-konexioa egiteko.
1893 Oliver
Lodge fisikari britainiarrak Branlyren sistema hobetu zuen.
1894 Marconik 3 kilometroko distantziara
haririk gabeko seinalea transmititzea lortu zuen.
Lodgek,
Hertzen kitzikagailua eta Branlyren kohesorea erabiliz, sistema horren bidezko lehen
Morse komunikazioa egin zuen, eta seinalea
1895 Irrati-uhinak erabiliz, Marconik haririk
gabeko lehen transmisio telegrafikoa egin zuen.
Alexander
Popoff matematika-irakasle errusiarrak antena bat asmatu eta Branlyren karraka‑hautsezko
hodira lotu zuen, eta sistema hori urruneko ekaitzak detektatzeko erabili zuen.
Morse
seinaleak 2,5 kilometroko distantziara transmititu zituzten, haririk erabili
gabe.
Lumière
anaiek zinematografoa aurkeztu eta patentatu zuten.
1896 Jatorri
suediarreko John eta Charles Erickson anai estatubatuarrek, jatorri bereko Frank
A. Lundquistekin batera, diskodun markagailua zerabilen lehenengo sistema
diseinatu zuten.
1897 Lodgek
dipolo bikonikoak, karga induktiboak eta erresonantzia-zirkuituen bidezko sintonia patentatu
zituen.
Linea telefonikoak jarri zituzten Estatu Batuetan barrena.
Marconi italiarrak Branly, Lodge eta Popoffen
lanak elkartu eta seinale elektromagnetikoak igorri eta jasotzeko sistema
eraiki zuen. Irrati-seinale elektrikoen lengoaia gisa erabiltzeko, ostera, Morse
alfabetoa aukeratu zuen, sinplea zelako.
Marconik inpultsu eta seinale
elektrikoen transmisioa hobetuko zuen gailua patentatu zuen, eta, horrela,
irrati bidezko telegrafia garatu zuen.
Lehen Marconi estazioa eraiki zuten.
Haririk gabeko telegrafia sortu zuten, eta itsasontzien
eta portuen arteko komunikaziorako erabili zuten lehen aldiz.
1898 Ekainaren 3an, Marconik lehen
zerbitzu irrati-telegrafikoa jarri zuen martxan, Ingalaterrako Wight uhartearen
eta Bournemouth hiriaren artean. Lotura hark 23 km-ko luzera zuen.
1899 Heaviside ingelesak eta Pupin eta
Campbell estatubatuarrek karga-harilaren teoria aurkeztu zuten.
Martxoaren
28an, Marconik Ingalaterra eta Frantzia arteko irrati bidezko lehen
komunikazioa egitea lortu zuen. Komunikazio hori Mantxako kanalean zehar egin
zen.
Estatu
Batuetako lehendabiziko telefonogune automatikoa instalatu zuten.
Europan, telegrafia arritmikoko lehen tresnak
agertzen hasi ziren: teletipo edo teleinprimagailuak. Aparatu berri horrek
aurreko sistemek baino askoz ere transmisio azkarragoa eskaintzen zuen: 65 hitz
minutuko.
1900 Distantzia handiko transmisioetan,
seinalea ahuldu egiten zen. Izan ere, luzera handiko kableek propietate kapazitiboak
zituzten, eta horrek mugatu egiten zuen deitzailearen eta hartzailearen arteko gehienezko
distantzia. Michael Pupin fisikari estatubatuarrak harilez osatutako sistema
bat patentatu zuen: telefono-linean zehar harilak tartekatu zituen, eta, horrela,
telefonoen arteko distantzia 3-4 aldiz handiagoa izan zitekeen. Gaur egun,
harila horiek ez dira egokiak datuen transmisiorako, banda zabalera txikia
dutelako; horregatik, telefono-lineetako harilak kentzen ari dira.
1901 Abenduaren 12an, Marconik Ozeano
Atlantikoan zeharreko haririk gabeko lehenengo lotura egitea lortu zuen. Lotura
hura
1902 Valdemar Poulsen ingeniari
danimarkarrak arku bidezko sorgailua asmatu zuen.
1903 Lehenengo aldiz, bidaiarien
itsasontzi batekin komunikatzea lortu zuten.
1904 John Ambrose Fleming ingeniari
britainiarrak balbula termoioniko bat erabili zuen irrati‑seinaleak
jasotzeko.
Lee De Forest ingeniari estatubatuarrak elektronika aplikatu zuen irratia eta telefonoa ikertzeko, eta Audion triodoa asmatu zuen. Asmakizun hori Flemingen diodoan oinarritua zegoen.
Campbellek, beste zientzialari batzuekin batera, oinarrizko uhin-iragazkiak eraiki zituen.
Flemingek balbula termoioniko bat
erabili zuen irrati-seinaleak jasotzeko.
Flemingek irrati-hodien lehen prototipoa
sortu zuen: Flemingen hutsezko lanpara.
1905
Irrati bidezko telegrafia jaio zen Espainian.
1906 Estatu Batuetako lehen
irrati-emisioa egin zen.
Lee De
Forest-ek Fleming-en diodoa hobetu zuen, eta hiru elektrodo dituen hodi edo
balbula elektronikoa sortu zuen, hau da, triodoa.
Aparatu hori lehenengo anplifikadore elektrikoa
izan zen. Seinale telefonikoak anplifikatzeko aukera ematen zuenez, hirien
arteko komunikazio telefonikoak ahalbidetu zituen; izan ere, telefonoaren
hedadura kable telefonikoen erresistentziak sorturiko ahultzeak mugatzen zuen ordura arte. Triodoak, gainera,
Marconik erabilitako irrati-maiztasuneko seinaleak ere anplifika zitzakeen. Geroago,
Lee De Foresten lanpara uhin elektromagnetikoen sortzaile gisa ere erabil
zitekeela konturatu ziren.
Balbula termoionikoaren eta erresonantzia-zirkuituen
konbinaziotik, irrati-maiztasuneko anplifikadoreak, osziladore modulatzaileak
eta hargailuen hobekuntza etorri ziren.
Ameriketako
Estatu Batuetan, uhin elektromagnetikoen bidez ahotsa transmititzeko lehen
sistema eraiki zuten. Horrela, elektronikaren aroa sortu zen: artezgailuak,
triodoak, balbula termoionikoak, anplifikadoreak eta abar.
Marconik
lurrarekiko paralelo jarritako hari luzeko antena baten erradiazio-diagrama
neurtzea lortu zuen lehen aldiz. Antena hori egungo uhin progresiboen bidezko
antenen, antena erronbikoen eta V antenen aitzindaria izan zen.
Huts-hodiari
eta elektronikaren sorrerari esker, irrati bidezko lehenengo komunikazio lortu
zen.
1907 Flemingek
irrati-uhinak hartzen zituen diodo termoionikoa
hobetu zuen.
1908 Espainian, irrati bidezko telegrafia
jaio zen.
1909 Alemanian, Telefono automatikoaren
bidezko lehen transmisioa egin zen, Berlin eta Munich artean.
1910 Teletipo edo teleinprimagailua sortu
zen, hau da, operadorerik gabe mezuak bidaltzeko sistema (Baudot kodea zerabilen).
1910-1919
Maiztasun txikiko
eta potentzia handiko antena handiak zituzten transmisoreak eraiki zituzten.
Nabigazioa
erraztuko zuten teknika berriak sortu ziren, hala nola urperatutako
itsaspekoekin komunikatzeko sistemak eta urruneko kontrolerako sistemak.
Anplitude-modulazioaren
(AM) bidezko transmisioa jaio zen.
1910 Huts-hodia asmatu zuten. Ahotsa urrunera
transmititzeko aukera ematen zuen, eta, gainera, kablean zehar seinale bat
baino gehiago garraiatzea ahalbidetzen zuen.
Aparatu
berri eta bizkorragoak sortu ziren, batez ere Baudot kodean oinarritutakoak.
Izan ere, kode horrek transmisioa lau aldiz abiadura handiagoan egiteko aukera
ematen du, eta, beraz, linea telegrafikoen errendimendua handitzea ahalbidetzen
du.
1913 Meissner ingeniari austriarrak lehen
osziladorea egin zuen.
1914
Huts-hodien teknika berriarekin, Branlyren
kohesoreak alde batera geratu ziren.
Elektronikaren lehen pausoak izan ziren.
1915 Anplitude-modulazioarekin (AM)
irrati-esperimentuak egiten hasi ziren.
Errepikagailu
elektronikodun lehenengo kontinentearteko telefono-linea ipini zuten.
1916 Marconik 2 eta 3 metroko
uhin-luzerako seinaleak erabili zituen esperimentuak egiteko. Horretarako, hari
bertikalez eginiko islatzaile paraboliko
zilindrikoak erabili zituen.
Esperimentu
horren emaitzek erakutsi zuten egokiagoa zela goi-maiztasuneko seinaleak (HF)
erabiltzea; horrekin batera, esperimentu horiek beste aurkikuntza batzuen
abiapuntua izan ziren.
1918 Kanal bi edo gehiago hari bakar baten
bidez transmititzeko metodoa asmatu zuten. Teknika horri multikanalizazio
deritzo.
E.H.
Armstrong ingeniari estatubatuarrak irrati-hargailu superheterodinoa hobetu zuen.
Maiztasun-modulazioko
(FM) lehen irrati-estazioa jarri zuten Pittsburghen (AEB).
1919 Bi
triodoz osoturiko memoria bitarra (kommutadorea) asmatu zuten.
David Sarnoff estatubatuarrak lehen
irrati-hargailu publikoa aurkeztu zuen, baina atzera bota zuten.
1920
Zinematografoari ahotsa gehitu zioten, eta zinea sortu zen.
Abenduaren 22an, lehen
irrati-transmisio publikoa egin zuten Alemanian.
Teletipoak ezarri ziren. Bi osagai nagusi dituzte, transmisorea eta hargailua (inprimagailua ere badena), eta bi puntu edo gehiagoren artean mezuak trukatzeko erabiltzen dira.
1920-1928
J.R. Carson, H. Nyquist,
J.B. Johnson eta R. V. Hartleyk seinale/zarata erlazioari buruzko aurkikuntzak
argitaratu zituzten.
1922 Lehendabiziko irrati-antenak puntuz
puntuko komunikazioan erabiltzen ziren antenen antzekoak ziren. Hala ere, oso azkar
garatu ziren; denbora gutxian, uhin-erdiko erradiadore izatera
igaro ziren, eta norabide orotako estaldura eskaini zuten.
Armstrongek
asmaturiko hargailu superheterodinoak hodi elektronikoei esker gauzatu ahal
izan ziren. Hartzaileak sare elektrikoa erabiltzen zuen antena gisa, eta masa
gisa, ostera, ur-hodiak erabiltzen ziren. Handik gutxira, ordea, T erako
antenak asmatu zituzten.
Ameriketako
Estatu Batuetako Itsas Ikerkuntzarako Laborategiko ikertzaile Albert Hoyt
Taylor eta Leo C. Youngek mugimenduan zeuden objektuak detektatzeko
sistema garatu zuten. Horretarako, transmisorea eta hargailua bereizita zituen eta
5 m-ko uhin-luzerako irrati-uhinak sortzen zituen sistema batean sortutako interferentziak neurtu zituzten. Horrela sortu ziren lehen
radar-sistemak.
1923 Alemanian, distantzia luzeko lehen
telefonogunea jarri zuten martxan.
Irrati-amateurrek
110 metroko bandan komunikatzea lortu zuten.
Vladímir
Kosma Zworykin ingeniari estatubatuarrak ikonoskopioa eta kinetoskopioa asmatu zituen, irudiak
urrunera transmititu eta urrutitik jasotzeko aukera ematen zuten sistemak
alegia. Bi asmakizun horiek oso garrantzitsuak izan ziren telebistaren
garapenerako. Horrekin batera, izpi katodikoen hodia ere patentatu zuen; hodi
hori, aurrerago, telebistaren elementu garrantzitsuena izan da.
1923-1938
Estatu Batuetako,
Errusiako eta Erresuma Batuko ikertzaileek, guztiek aldi berean, telebistaren
teknologia garatu zuten.
1924 Irrati-amateurrek lehen QSQ
seinaleak (medikua eskatu edo eskaintzeko erabiltzen den seinale kodetua) egin
zituzten Frantzia eta Australia artean.
Ordura arte,
sare telegrafikoen eta sare telefonikoen arteko konbinazioa erabiltzen zen
mezuak igorri edo jasotzeko. Telefonoguneen bidez igorri eta jasotzen ziren,
eta transmititu, berriz, sare telegrafikoan zehar transmititzen ziren,
telegrama gisa.
Apirilaren
19an, Compañía Telefónica Nacional de España (CTNE edo Telefónica) sortu zen.
Espainiako gobernuak eta CTNE konpainiak sinatutako akordioaren bidez,
telefono-linea guztiak CTNEren esku gelditu ziren. Ondorioz, Espainiako telefono-zerbitzua
CTNEren monopolio bihurtu zen.
1925 Breit eta Tuve estatubatuarrek pultsu-radarraren
bidez ionosferaren altuera neurtzea lortu zuten.
Erresuma
Batuan, John Logie Baird ingeniari eskoziarrak irudien azterketa mekanikoa
egiten zuen sistema aurkeztu zuen.
1926 Maiztasun-modulazioaren (FM) bidezko
transmisioa aurkitu zuten. Teknika horrekin, kalitate handiko soinua eskaintzen
duen irrati-difusioa lortzen da.
Uda
fisikari japoniarrak elementu aktibo bakar bat elementu pasiboekin multzokatzea lortu zuen.
1927 Estatu Batuen eta Erresuma Batuaren
arteko komunikazio-zerbitzua martxan jarri zen. Zerbitzu horrek uhin laburreko
irrati-sistema zerabilen.
1928 Detroiteko polizia-departamentuak
irrati bidezko noranzko bakarreko komunikazio-sistema jarri zuen martxan.
Sistema horrek mezuak zuzenean departamentutik polizien autoetara bidaltzeko
aukera ematen zuen. Mezuak erantzuteko, ostera, poliziek telefono batetik hots
egin behar zuten. Sistema hori telefonia mugikorraren hasieratzat jo daiteke.
1928 Telebistaren asmatzailea den Paul
Nipkow ingeniari alemaniarrak irudien haririk gabeko transmisioa asmatu zuen.
Felix Bloch fisikari estatubatuarrak pauso garrantzitsua eman zuen banden teorian. Geroago, egoera solidoaren fisika ere teoria horretan oinarritu zen. Banden teoriak dioenez, elektroiaren energia-maila guztiek ez dute eroaletasuna onartzen. Bide horretatik, 1928-1933 urteen artean metaleen, isolatzaileen eta erdieroaleen funtsa ulertzea lortu zuten. Aurkikuntza horiek guztiek eragin zuzena izan zuten elektronikaren, telekomunikazioen eta metal eta solidoen fisikaren garapenean.
Diamond eta Dunmore ingeniari estatubatuarrek
lurreratze instrumentalaren lehen sistema (ILS, Instrument Landing System) garatu zuten.
1929 Irrati-igorgailuen posizioa zehazteko, Adcock sistema erabiltzen hasi ziren.
1930
Mikrouhinak eta radarrak garatu zituzten.
Walter Schottky fisikari
alemaniarrak eta beste fisikari batzuek erdieroaleen portaera aztertu eta
azaldu zuten, eta, ildo horretatik, LED diodo argi-igorleak, artezgailuak eta
zelula fotovoltaikoak asmatu zituzten.
Schoter-ek bideoaren kalitatea
hobetzen zuen sistema patentatu zuen.
Posizioa zehazteko sistema probatzen
ari zirela, hegazkin baten hegaldia detektatu zuten lehen aldiz.
Abian zen nazioarteko telefono-sarea.
Behe-maiztasuneko (LF)
komunikazioetan (irrati-astronomia), interferentziak sortzen ziren, udan batez
ere. Arazo hori konpontzeko, Bell laborategietan lan egiten zuen Karl G. Jansky
telekomunikazio-ingeniari estatubatuarrak antena berriak eraiki zituen, eta
konturatu zen zaratak ekaitzetan sortzen zirela, eta zarata jakin bat 24 ordutik
behin errepikatzen zela. Zarata hori Lurretik eta Eguzkitik zetorrela ohartu
zen, eta, horrez gain, galaxiatik zetorren beste zarata bat ere bazegoela
konturatu zen. Horrekin guztiarekin, irrati-astronomia aurkitu zuen. Zarata
horien datuekin, uhin motzeko hargailu batekin lor zitekeen sentsibilitatearen
muga zehaztea lortu zuen.
Herbert Eugene Ives fisikari
iparramerikarrak bi noranzkoko lehen bideotelefonoa aurkeztu zuen.
Bideotelefono hori ordenagailu batera konektatuz gero, irudiak eta datuak ikus
zitezkeen pantailan.
1931
Telebista-irudien lehen transmisio elektronikoa egin zuten Berlinen.
Allen Dumont ingeniari
estatubatuarrak osziloskopioa asmatu zuen.
Frantziaren eta Erresuma Batuaren
arteko lehen lotura ezarri zuten. Horretarako, 1.760 MHz‑eko antena
islatzaileak erabili zituzten.
Marconik Mediterraneo itsasoan
zeharreko 500 MHz-eko transmisioa neurtzea lortu zuen. Transmisio horrekin,
gizakiaren ikusmena heltzen dena baino 5 aldiz urrunago ere seinaleak jaso
zitezkeela erakutsi zuen. Geroago, fenomeno horri hedapen troposferiko deituko zitzaion.
Teletipo-zerbitzua jarri zuten martxan. Zerbitzu hori faxaren aitzindaria izan zen.
Bi noranzkoko komunikazio-sistema
agertu zen, eta sare mugikorrak zerbitzu publikoetara hedatu ziren (suhiltzaileak,
ospitaleak...).
1932 James
Lamb ingeniari estatubatuarraren irrati-hargailu superheterodinoaren prototipoa
agertu zen.
Radar-sistema hobetuta zegoen, eta posible zen 80 km-ra zeuden hegazkin
irrati-igorleak detektatzea. Horretarako, 28,3 MHz-eko maiztasuna erabiltzen zuten.
200 MHz-eko sistemak (CXAM), berriz, 1936an garatu ziren.
1935 Erresuma Batuan, radarra erabiltzeko baldintzak ezarri zituzten.
12 MHz-eko pultsu-sistema probatu zuten.
Lehen kable ardazkideak eta
multiparea erabili zituzten komunikazioetarako.
1936 6
MHz-eko uhin progresiboen interferentzia-sistema probatu zuten (radarra).
Armstrongek FM transmisio-teknika
martxan jartzeko beharrezkoak ziren ikerkuntza teorikoak garatu zituen.
Lehen kalkulagailu programagarria
kaleratu zuten, Zuse Z1, osagai mekanikoak besterik ez zituena.
Berlingo joko olinpikoetan, telebista
elektronikoaren lehen transmisio esperimentalak egin zituzten. 45 MHz-eko
maiztasuna erabili zuten, eta antena igorlea dipolo-multzo zirkular bat zen.
Maiztasun-modulazioaren bidez, estazioen arteko komunikazioa oztopatzen duten perturbazioak murrizteko metodoa aurkitu zuen Armstrongek. Aurkikuntza horrek FM irratiaren sorrera ekarri zuen.
Banda zabalera eta maiztasuna (VHF,
oso maiztasun handia) handitzearen garrantziaz konturatu ziren.
1937 Alec Reeves ingeniari britainiarrak
pultsu bidezko kodearen modulazioa (PCM) garatu zuen. Transmisio-teknika hori orain
ere erabiltzen da telefonian. Bellek telefonoa asmatu zuenetik, telefonia
guztiz analogikoa zen; hau da, korronte jarraitua erabilita, ahotsa puntu
batetik bestera transmititzen zen.
Telefono
analogikoak, ordea, zenbait eragozpen zituen. Seinaleak anplifikatzeko, adibidez,
Fleming eta De Forestek asmatutako balbulak eta huts-hodiak erabil zitezkeen,
baina, kasu horretan, zarata ere anplifikatu egiten zen. Beste alde batetik,
seinale telefoniko analogikoak erraz detekta zitezkeen, eta erraza zen
hirugarren batek ere bi harpidedunen arteko elkarrizketa entzutea. Arazo horiei
irtenbidea emateko, Alec Reevesek lehen ahots-sistema digitala garatu zuen. Dena
den, PCM teknologia 1960ko hamarkada bukaeran egin zen ezagun.
Mikrouhin-seinaleak
sortzeko, Estatu Batuetako Russell eta Sigurd Varian anaiek eta Willian Hansen
fisikariak Klystron reflex hodia garatu
zuten.
1938 Barra gurutzatuko lehen telefonogune
automatikoa abian jarri zen New Yorken, Brooklyn eta Manhattan artean.
Kommutazio automatikoko sistema ‘matrize’ batean oinarritua dago; matrize hori
operadorearen bidezko telefonoguneetan erabiltzen zutenaren antzekoa zen,
baina, kasu honetan, konexioak automatikoki egin zitezkeen. Barra gurutzatuko
lehen telefonogune garrantzitsua Suedian ezarri zuten, 1926an.
Bell
konpainiak beste asmakuntza bat merkaturatu zuen, telefono modernoetan gaur
arte iraun duena: mikrotelefonoetan erabiltzeko kable
kiribila.
Grote Reber
irrati-ingeniari estatubatuarrak 9 metroko diametroko antena parabolikoa eraiki
zuen. 2 metroko bandan funtzionatzen zuen, eta
zeruko lehen irrati-mapak egiteko erabili zen.
Abian zen 25
MHz-eko maiztasunean lan egiten zuen Chain Home radar-sistema.
125 MHz-eko
maiztasunean funtzionatzen zuen FREY A. izeneko radar-prototipoa itsasontziak detektatzeko gai izan
zen Alemanian egindako saio batean.
Werner Flechsig
alemaniarrak kolorezko hodi katodikoak eraiki zituen.
1939 Bigarren Mundu Gerran, islatzaile
parabolikoen bilakaerak aurrera jarraitu zuen. Besteak beste, islatzaileen
aldaerak ziren zilindroak edo sektoreak asmatu zituzten. Era berean, Pillbox
edo cheese antenak asmatu zituzten.
Uhin-gidarien
teknologia osoa garatu zuten.
1940 Erresuma Batuan, Boot eta Randall
fisikariek magnetroia asmatu zuten. Asmakizun horrek zentimetro gutxi
batzuetako uhin-luzerako irrati-uhineko radarra garatzeko balio izan zuen.
Estatu
Batuetan, Eagle radarra eraiki zuten, 60 graduko detekzioa egin zezakeena.
Alemanian, Deutsche
Reichspost posta-konpainiak Berlin eta New York arteko irrati‑telefonoaren
bidezko lehen zerbitzua jarri zuen martxan.
Konrad Zuse
ingeniari alemaniarrak lehen konputagailu programagarri erabilgarria eraiki
zuen, Zuse Z2 izenekoa.
Komunikazioak
eta datu-prozesaketa uztartzeko lehen ahaleginak Estatu Batuetan egin ziren,
40ko hamarkadan. 1940an, armadarentzako inbentarioa egiteko aplikazioa egin
zuten; 1953an, berriz, American Airlinesen plazak erreserbatzeko aplikazioa
garatu zuten. Bi aplikazio horiek izan ziren datuak urrutitik prozesatzeko
garatutako lehen sistemak.
1941 Armstrongek FM modulazio-teknikaren
bidezko lehen estazioa sortu zuen.
Zuse Z3 kalkulagailua garatu zuten. 600 bat
errele erabiltzen zituen kalkulutarako, eta beste 2.000 bat errele memoriarako.
Leibniz matematikari alemaniarraren kode bitarrarekin lan egiten zuen.
Estatu
Batuetan, telebistako koloretako lehenengo programak probatu zituzten.
1942 Audioa magnetikoki grabatzeko
sistema aurkitu zuten, eta kasetea asmatu zuten.
1943 Alan Turing matematikari eta
filosofo ingelesak Colossus makina diseinatu zuen. Gaur egun, lehen
konputagailu elektronikotzat hartzen da. Hala eta guztiz ere, Colossus
ez zen egungo konputagailuak bezalakoa; ez zuen programak barne-memorian
gordetzeko ahalmenik, eta soilik funtzio kriptografikoak eta operazio
boolearrak egiteko zegoen diseinatua.
1944 Estatu Batuetan, Howard H. Aiken
ingeniariak lehen konputagailu programagarria diseinatu zuen, Mark 1
deiturikoa.
1945 Arthur C. Clarke idazle
eta asmatzaile britainiarrak proposatu zuen satelite geoestazionarioak
erabiltzea mundu mailako estaldura behar zuten sistemen komunikazioetan.
1946 John D. Kraus fisikari
estatubatuarrak helize-formako antena asmatu zuen, eta antena hori irrati-teleskopio
batean erabili zen, 1951an. 200 eta 300 MHz-eko bandan funtzionatzen zuen.
John P. Eckert
eta John W. Mauchly ingeniari iparramerikarrek ENIAC (Electronic
Numerical Integrator and Calculator) deituriko lehen konputagailu elektronikoa
eraiki zuten 1943 eta 1946 urteen artean. Dena den, ENIAC eraikitzeko
erabilitako ideiak ez ziren guztiz originalak. 1937an, John Vincent Atanasoff
ingeniari eta matematikari estatubatuarrak konputagailuek erabiliko zituzten
zenbakiak adierazteko sistema bitarra asmatu zuen. Atanasoffek gaur egun
ezagutzen diren dispositibo elektronikoak (balbulak) eta memoria bitar
birsortzaileak erabiltzen zituen operazio logikoak egiteko, eta konputagailu
bat diseinatu zuen osagai horiekin, Atanasoff Berry Computer (ABC)
izenekoa.
ENIAC
konputagailuaren ezaugarriak hauek ziren: 1.500 errele eta 18.000 hodi inguru,
150 kW‑ko kontsumoa, 30 tonako pisua eta
Ekainaren
17an, AT&T konpainiak autoetarako telefono mugikorren lehen sistema
komertziala kaleratu zuen Missourin (AEB). 150 MHz-eko maiztasuna erabiltzen
zuen, eta 60 kHz-eko 6 kanal erabiltzen zituen.
Bigarren
Mundu Gerraren ondoren, irrati-astronomia indartu egin zen, eta hainbat
behatoki garrantzitsu eraiki ziren.
Telebistaren
hedapena hasi zen.
Armstrongek
irrati-transmisioetako soinuaren kalitatea hobetzeko sistema aurkitu zuen. Horretarako,
VHF bandako maiztasun modulatua (oso maiztasun handia) erabili zuen.
1947 Estatu
Batuetan konturatu ziren posible zela irrati-uhinen bidezko sare zelularra osatzea,
eta aplikazio handiagoetara zuzendutako esperimentuak egiten hasi ziren.
Marcum eta Swerling estatubatuarrek Detekzioaren
Teoria Estatistikoa aurkeztu zuten.
1948 John Bardeen eta
Walter H. Brattain zientzialari estatubatuarrek transistorea
patentatu zuten, eta ikertzaile-talde bereko B. Shockley fisikariak
transistoreak anplifikadore gisa izan litzakeen efektuak aztertu zituzten.
Uztailaren 1ean, lehen transistorea aurkeztu zuten. Transistore izena
asmatzaileek eurak jarri zioten, 'transit resistor' terminoaren akronimoa zela
azalduta. Lehen transistoreak 'kontaktu-puntua' deituriko teknologia erabiltzen
zuen, eta germanioak erdieroalea izateagatik zituen ezaugarrietan oinarritua
zegoen. Apur bat geroago, transistore-kolektorea asmatu zuten. 1955ean,
siliziozko lehen transistoreak eraiki ziren. Masiboki eraiki zen lehen
transistorea, ordea, CK722 deiturikoa izan zen, eta 1953an egin zuten.
Transistore horri esker, komunikazioan erabiltzen ziren ekipoen tamaina eta
potentzia murriztea lortu zen, neurri batean.
Deien iraupena
inpultsu-kopuruaren arabera neurtzeko sistema asmatu zuten.
Claude
Shannon ingeniari eta matematikari iparramerikarrak Komunikazioen Teoria Matematikoa
garatu zuen. Horrez gain, Informazioaren Teoria ere garatu zuen.
1949 Ekipo elektronikoen kostuak
merkatzeko eta osagaien lokalizazioa errazteko, zirkuitu inprimatuen lehenengo
txartelak asmatu zituzten.
1950 50eko hamarkadan, irudiak etxeetako
telebistetara helaraztea lortu zuten.
Konputagailuen
artean datuak transmititzeko aukera ematen zuten modemak agertzen hasi ziren;
erabili, ostera, 60 eta 70eko hamarkadetan hasi ziren erabiltzen,
periferikoetan batez ere.
Mikrouhinen
bitartez eginiko lehen komunikazioa lortu zen. Horrek informazio-bolumen handia
urrunera transmititzeko aukera ematen zuen.
Denbora-zatiketa
bidezko multiplexazioa (TDM) telefoniarako erabiltzen hasi ziren.
1951 Telex (teleprinter-exchange) sistema abiarazi
zuten. Telex abonatuen artean komunikatzeko erabiltzen den telegrafia-zerbitzua
da, eta, konexioa egiteko, teleinprimagailuak eta telegrafo-sare publikoa
erabiltzen ditu. Telex sistemaren bidez, erabiltzaileek mezuak eta datuak
trukatzeko aukera dute, eta, nazioarteko sareen bitartez, informazio-trukea
munduko toki askoren artean egin daiteke. Gainera, telexaren erabiltzaileek
erabiltzaile ez direnei ere bidal diezazkiekete mezuak, horretarako sortutako
gune berezien bitartez. Kasu horretan, erabiltzaileak bidalitako mezua
telegrama batean helarazten zaio hartzaileari. Telexa erabili ahal izateko,
kommutazio-guneak eraiki eta maiztasun handiko zirkuituak jarri behar izan
zituzten. Horregatik, telexaren hasierako pausuak ez ziren izan oso azkarrak.
Transistorea
asmatu berri zuten, baina oraindik ez zen komertzialki ekoizten.
Martxoan,
ENIAC proiektua sortu eta 5 urtera, konputagailu berri batekin probak egin
zituzten, eta Aikenek lehen konputagailu eraiki zuen, UNIVAC (Universal
Automatic Computer). Komertzialki eta kantitate handitan eraiki eta saldu zen
lehen konputagailua izan zen.
1953 Kapazitate handiko lehen lotura
ardazkidea egin zuten.
1954 Radarren bidez mugimenduan dauden
objektuak ikuskatzeko, M.T.1 teknika erabiltzen hasi ziren.
Lehen
irrati-teleskopio handia eraiki zuten, 76 metroko luzerakoa.
Telefónica konpainia
Madril eta Bartzelona arteko linean kable ardazkidea jartzen hasia zen. Hori
dela eta, zirkuitu ugari libre geratu ziren. Gainera, irrati-loturazko
lehenengo zerbitzuak ere hasi ziren ezartzen. Zerbitzu horiek ez zuten zutoin
eta kanalizaziorik behar lineak instalatzeko.
1955 Helmen handiko markatze bidezko
lehen telefono-sistema ezarri zen Suitzan.
Varactor diodoa asmatu zuten.
Narinder
Kapany Indiako fisikaria konturatu zen isolatutako zuntz batek argia urrunera
eraman dezakeela. Aurkikuntza hori zuntz optikoei buruzko ikerkuntzen hasiera
izan zen.
1956 Irailaren 26an, Atlantikoa
zeharkatzen zuen eta elkarrizketa telefonikoen transmisiorako erabiliko zen lehen
kablearen inaugurazio ofiziala egin zuten. 30 bat kilometroz banaturiko eta
polietilenoz isolatutako bi kable ardazkidez osatua zegoen. Kable bakoitzak 36
elkarrizketa garraia zitzakeen, noranzko bietan eta aldi berean. Hori lortzeko,
balbulen edo huts-hodien teknologia erabiltzen zuten 51 oinarri-estazio edo
errepikagailu urperatu behar izan zituzten ozeanoan.
Bell eta
Howell estatubatuarrek bideokamera elektronikoa garatu zuten.
Espainiako
telebista publikoak lehen emanaldia egin zuen.
1957 Urriaren 4an, Sobiet Batasunak lehen
satelite artifiziala espazioratu zuen, Sputnik 1 izenekoa. 20‑40
MHz bitarteko maiztasuneko seinalea igortzen zuen irrati-faro bat zeraman, eta
seinale hori Lurreko edozein hargailuk jaso zezakeen.
Espaziotik igorritako lehen giza
ahotsa Ameriketako Estatu Batuetako lehendakariarena izan zen,
Dwight D. Eisenhowerrena; izan ere, Eisenhowerrek grabatutako
Gabon-mezu bat zeraman misil bat jarri zuten orbitan. Grabagailuaren bidez,
posible zen igorri beharreko mezuak aurrez grabatzea. Horrela sortu ziren
aurrez grabatutako emanaldien sateliteak.
1958 Estatu Batuetako lehen satelitea, Explorer
1, urtarrilaren 31n bidali zuten espaziora. Besteak beste, Lurraren
erradiazio-gerrikoak aurkitzeko balio izan zuen.
Abenduaren
18an, Estatu Batuek SCORE (Signal Communicating by Orbiting Relay
Equipment) satelitea bidali zuten espaziora. Estazio batetik pasatzean, handik
igorritako mezuak irakurtzen zituen; beste estazio batera heltzean, berriz, birsortu
eta igorri egiten zituen aurrez irakurritako mezuak. Mezuaren gehienezko iraupena
4 minutukoa zen. Gorako maiztasuna 150 MHz-ekoa zen, eta beherakoa, 132
MHz-ekoa.
Helmen
handiko transmisio-sistema garatu zuten. Sistema horrek helburu militarra zuen.
Zirkuitu
integratua garatu zuten.
Lehen
irrati-transmisio estereofonikoak egin zituzten.
1959 Aplikazio gehienek balbulen edo
huts-hodien teknologia erabiltzen zuten. Bitartean, erdieroaleen elektronika
garatzen jarraitzen zuten. Urte honetan, lehen zirkuitu integratuak eraiki
ziren. Jack St. Clair Kilby ingeniari estatubatuarrak germaniozko
lehen zirkuitu integratua egin zuen, eta Robert N. Noyce fisikari
iparramerikarrak, ostera, siliziozko lehen zirkuitu integratua.
50eko
hamarkadaren bukaeran, komunikazio-sistema berri bat garatzeko eskatu zioten
zientzialari-talde bati. Eraso nuklearra gertatuz gero, sistema hori gai izan
behar zen erasotako eremutik kanpoko kokaguneetako informazioa ez galtzeko.
Gainera, sistemaren funtzionamendua ezin zen izan komunikazio-ekipoen menpekoa.
Proiektu horri DARPANET izena jarri zioten, eta gaur egun Internet
bezala ezagutzen den sistemaren aitzindaria izan zen.
60ko
hamarkada Programazio-lengoaien
garapena, sistema eragileak, pakete-kommutazioa, satelite bidezko transmisioak,
telekomunikazioa eta informatika uztartzen hasi ziren.
Teknika
digitalak erabiltzen hasi ziren.
Tonu
bidezko markatze-sistema erabiltzen zuten telefonoak agertu ziren.
Mainman
fisikari estatubatuarrak lehen laserra garatu zuen.
Estatu
Batuetako NASA espazio-agentziak Echo I A satelitea jarri zuen orbitan.
Jasotako irrati‑seinale elektrikoak islatzen zituen lehen
komunikazio-satelitea izan zen.
1961 Zirkuitu integratuen ekoizpen
komertziala hasi zen.
IBM
konpainiak teleprozesuaren kontzeptua kaleratu zuen Alemanian. IBMren
ustez, posible zen telefono-linea baten bidez seriean edo paraleloan
transmititutako datuak zuzenean konputagailu batean birprozesatzea.
Abenduan,
irrati-amateurrentzako lehen satelitea jarri zuten orbitan, OSCAR I izenekoa.
Objektuen
posizioa detektatzeko, sateliteetan oinarritutako sistema bat garatu zuten Estatu
Batuetan. Sistema horrek orokorra izan behar zuen, baldintza atmosferikoekiko
menpekotasunik gabea eta oso zehatza. Alor horretako ikerkuntzaren emaitza GPS
(posizionatze globaleko sistema) sarea izan zen. Gaur egun, GPS sistema
publikoa da, eta Lurraren inguruan biraka dabiltzan 24 satelitek bidalitako
irrati-seinaleetan oinarrituta dago.
1962 Uztailaren 10ean, NASAk Telstar I
satelitea bidali zuen espaziora. Lehen komunikazio‑satelite komertziala
izan zen, eta Europa eta Ipar Amerika arteko komunikazioak ahalbidetu zituen.
Uztailaren 23an, satelite horrek nazioarteko lehenengo telebista-emanaldia egin
zuen, Estatu Batuen eta Frantziaren artean. Apur bat geroago, koloretan
transmititzeko probak egiten hasi ziren.
Urte
honetara arte, komunikazio guztiak analogikoak ziren. Izan ere, Alec Reevesek
1937an garatutako ahots-teknika digitalek (PCM) ez zuten aplikazio praktikorik
izan 1962. urtera arte. Urte hartan, transmisio digitaleko lehen sistema ezarri
zuten, T1 izenekoa. Gaur egun ere, sistema hori oso erabilia da;
1.544 Mbps-ko fluxu digitala eskaintzen du, eta 24 kanal edo elkarrizketa
telefonikoren digitalizazio eta multiplexazioan oinarrituta dago.
1962-1966
Abiadura handiko
komunikazio digitalen sorrera.
Datuak
transmititzeko zerbitzu komertzialak eskaintzen hasi ziren.
Seinale digitalak
transmititzeko, banda zabaleko kanalak erabiltzen hasi ziren.
PCM (kodetutako
pultsuen bidezko modulazioa) ahots eta telebista transmisioetarako erabiltzen
hasi ziren.
1963 Western
Electric korporazioak tonu bidezko lehen telefonoa kaleratu zuen. Telefono-mota
horrek 4 lerro eta 4 zutabeko matrizeak erabiltzen ditu, eta lerro eta zutabe
bakoitzari maiztasun jakin bat esleitzen dio. Telefonoko tekla bat (digitu bat)
sakatzean, telefonoak bi maiztasunez osoturiko seinalea igortzen du. Iragazki
egokiak erabiliz gero, seinale horiek erraz jasotzen dira telefonogune
publikoetan.
Ameriketako Estatu Batuetan, enpresa
desberdinek eginiko konputagailuen artean informazioa elkartrukatzeko sistema
garatzeko asmoz, gobernuko eta enpresetako ordezkariz osaturiko talde batek ASCII
kodea (American Standard Code for Information Interchange) asmatu zuen.
Karaktere bakoitza 7 biteko multzo batez adierazten da, eta, guztira, 128
karaktere onartzen ditu. 8 biteko (byte) hitzen estandarizazioa, berriz, 1964an
egin zen.
IBMko ikertzaile J.B. Gunnek egoera solidoko mikrouhinen oszilagailuak hobetu zituen.
Telstar II satelitea espaziora bidali zuten.
Diodo argi-igorlea (LED diodoa)
garatu zuten.
Lehen minikonputagailu komertziala
kaleratu zuten.
1963-1964 Svncon
II eta III sateliteak izan ziren orbita geoestazionario batean jarri
ziren lehenak.
1964 Paul
Baran ingeniari estatubatuarrak pakete-kommutazioaren bidezko datu-sareen
oinarri teorikoak ezarri zituen. Gaur egun, LAN, WAN eta Internet sareek
sistema hori erabiltzen dute. Sare seguruago baten bila zebilela, Baran ondoko
ondorioetara iritsi zen: sare horrek digitala izan beharko luke, eta mezuak
multzo txikitan antolatu beharko lirateke; gainera, mezu-multzo horiek
igorletik hartzailearengana transmititzeko bitarteko-lana egingo luketen zenbait
nodotatik igaro beharko lirateke, eta nodo horietan seinalea birsortu eta mezua
bidaltzeko bide egokia aukeratuko litzateke. Hala ere, Baranen lanak ez ziren
onartuak izan.
Gentex (General Telegraph Exchange) sarea martxan jarri zen. Sare horren bidez, zerbitzu telegrafiko publikoa automatizatu egin nahi zen. Zentral telegrafiko automatikoetan, telegramak zuzenean transmititzen ziren, teleinprimagailuen bitartez; horretarako, automatikoki aukeraturiko nazioarteko komunikazio-bide telegrafikoak erabiltzen zituzten.
Banda zabalaren bidez, hainbat formatutako datuak eta ahotsa abiadura handian eta kalitate handiarekin transmititzeko irrati-kanalak eskaini ahal zitzaizkien bezeroei. Sistema horren hobekuntzak konputagailuen eta bulegoetako aparatuen artean abiadura handiko transmisioak egiteko aukera ematen zuen.
1965 Nazioarteko INTELSAT partzuergoak
(orain Ameriketako Estatu Batuetako erakunde pribatua da) satelite bat bidali
zuen espaziora, Early Bird edo Intelsat I izenekoa. Orbita
geoestazionarioko lehen satelite komertziala izan zen, eta Estatu Batuen eta
Europaren arteko lehen telebista-emanaldia ahalbidetu zuen. 240 ahots-kanal edo
telebistako kanal bakarra transmiti zezakeen, eta 1969 arte egon zen
funtzionamenduan. Intelsat I sateliteak honek hasiera eman zion egun
bizitzen ari garen espazioko telekomunikazioen aroari.
Mariner
IV sateliteak
Marteko lehen irudiak transmititu zituen.
Lehen
telefonogune elektroniko publikoa jarri zuten New Jerseyn, 1ESS izenekoa. Telefonogune horretan,
kommutazioa errele bidez egiten zen. Errele horiek azken egoera gogoratzeko gai
ziren, eta, beraz, egoera aldatzen zenean bakarrik behar zuten korrontea, hau
da, komunikazioa hastean eta etetean. Prozesu hori bikoiztutako PUZ batek
kontrolatzen zuen. CPU horretan, pausoz pauso egindako operazioen emaitzak
konparatzen ziren. Lehen aldiz, biltegiratutako programetan oinarritutako
kontrola (Stored Program Control) kontzeptua erabili zen, eta horren bidez
telefonoguneek memoria elektronikoak zituztela adierazi nahi zen. PUZ elektronikoari
esker, deien desbideratzea, markatze laburra eta beste zenbait zerbitzu eskaini
ahal zitzaizkien abonatuei. Komunikazioaren alderdi bati zegokionez, ordea, 1ESS
telefonoguneak analogikoa izaten jarraitzen zuen, ahotsa ez baitzen digitala.
1966 1960. urtearen hasieran, AT&T
konpainiak lehen modema diseinatu zuen, eta Dataphone deitu zion.
Aparatu horrek datuak telefono-sarean zehar bidal zitezkeen seinale akustiko
bihurtzen zituen. Dena den, datu-telefono horrek ez zuen aplikazio praktikorik
izan, harik eta 1966an, Ameriketako Estatu Batuetako Stanford Ikerkuntza
Institutuko John Van Geenen lanei esker, linean zarata egon arren ere informazioa
modu egokian jasotzea lortu zen arte. Horretarako, Van Geenek konputagailu
nagusira konektatu beharra zuen, distantzia luzeko linea telefonikoen bidez. Baina
lineako zaratak zirela eta, garai hartako modemak ez ziren egokiak distantzia
luzeko komunikazioetan, eta Van Geen zarataren menpekotasunik ez zuen
akoplamendu akustikodun modem batean ari zen lanean. Van Geenek asmatutako modemak
1980ko hamarkadara arte erabili ziren. Lehen modemek 300-1.200 bps-ko abiaduran
lan egiten zuten, FSK modulazioarekin. 1960ko hamarkadaren bukaeran, 4.800
bps-ko modemak (PSK modulazioarekin) eta 9.600 bps-koak (QAM modulazioarekin)
agertu ziren.
Charles Kao
zientzialari estatubatuarra izan zen telefono-deiak transmititzeko beirazko
zuntz eroalean zeharreko argia erabili zuen lehena.
1968 Alemaniako Grundig elektronika-etxeak
irudiak telefono-lineetan zehar transmititzeko sistema asmatu zuen, eta,
hartara, fototelegrafiaren kontzeptua plazaratu zuen.
Intelsat
III satelitea
orbitaratu zuten. 1.200 zirkuitu telefoniko eta bi telebista-kanal transmiti
zitzakeen.
1969 Uztailean, Apolo 11 Ilargira
heldu zen, eta Neil Armstrong astronauta estatubatuarrak Ilargitik egindako
lehenengo telebista-emanaldia egin zuen.
Ameriketako
Estatu Batuetako Defentsa Saileko ikerkuntza-talde batek 1962an garatzen
hasitako ARPANET sarea jarri zuen martxan, hau da, konputagailuen lehen
sarea. Urte honetan, J.C.R. Licklider psikologo eta matematikan aditua jarri
zuten ARPA-IPTO (Information Processing Technologies Office) saileko zuzendari,
eta berak ezarri zituen ARPANETen oinarriak. 1966an, berriz,
Lawrence G. Roberts jarri zuten ARPANETeko arduradun, eta 1969ko
urriaren 2an ordura arteko lanaren emaitza aurkeztu zuen: INTERNET. Internet
sarea Algorek garatutako ARPANET konputagailu-sareari esker sortu zen.
Lurretik
35.880 km-ra dagoen orbitan satelite batzuk jarri, eta lehen telefono-sare
globala osatu zuten. Satelite horiek eguzki-panel fotovoltaikoen bidez
elikatzen dira. Lurreko toki jakin bateko antena batetik transmititutako deiak
anplifikatu, eta urrutiko beste estazio batzuetara bidaltzen dituzte.
Sateliteek eta Lurreko ekipoek osatutako sistemaren bidez, kontinentearteko
deiak hurbileko bi tokiren artekoak bezain erraz bidera zitezkeen.
1970 Denbora-zatiketa bidezko
multiplexazioa (TDM) erabili zen, ofizialki, komunikazio telefonikoetarako.
Kanadak eta
Estatu Batuek Ipar Ameriketako komunikazioetarako sateliteak garatu zituzten.
70eko
hamarkadaren hasiera arte, telekomunikazioetan erabilitako
transmisio-baliabideak kobrezko kableak (pare bihurritua edo kable ardazkidea)
eta hutsa (haririk gabeko komunikazioetan) ziren. Transmisio-bide gisa argia
erabiltzeko asmoa ere aspalditik zetorren, baina, ordura arte, ezinezkoa izan zen
praktikan jartzea. 1880an, Alexander Graham Bellek argiak, kableen beharrik
gabe, ahots-seinaleak garraia zitzakeela frogatu zuen; Bellen fotofonoak
ahotsak birsortzen zituen hargailu batera heltzen ziren, eta eguzki-argiaren
aldaketak detektatzen zituzten. Teoria hori zuzena zen, baina, garai hartan,
ezinezkoa zen gauzatzea.
1950ean,
argiaren gidari gisa bi geruzadun zilindro erako beira erabiltzen zuen sistema
patentatu zuten, eta, une horretatik aurrera, zuntz optikoaren teknologia
garrantzia hartzen hasi zen. 1960. urtearen hasieran, laserra zuntz optikoaren
argi-iturri gisa erabili zen lehen aldiz, eta emaitza ikusgarria lortu zen.
Baina garai hartako laser optikoak oso garestiak ziren, beraz, teknologia
horrek ez zuen eragin komertzialik izan. 60ko hamarkadaren bukaeran, zuntz
optikoetan gertatzen ziren galerarik handienak beiraren ezpurutasunei
zegozkiela konturatu ziren, eta ez, ordura arte uste zuten bezala, zuntz
optikoaren ezaugarriei. 1970 hasieran, Robert Maurer, Peter Schultz eta Donald
Keck ingeniari estatubatuarrek zuntz optikoen fabrikazioa hobetu zuten:
argi-galerak asko txikitzea lortu zuten, eta argi askoz merkeagoak (LED
diodoak, adibidez) erabiltzen hasi ziren.
70eko hamarkada Teleinformatika finkatu egin zen.
Konputagailuen lehen sareak agertu ziren (protokoloak, sare-arkitektura,
pakete-kommutazio bidezko datu-sare publikoak...).
1971 IV. serieko sateliteak espazioratzen hasi
ziren, 4.000 ahots-kanal eta 2 telebista-kanal transmiti zitzaketenak.
TCP/IP
protokoloa kaleratu zuten.
Azaroan, Intel
Inc korporazioak lehen mikroprozesadore komertziala fabrikatu zuen.
Espainia
nazioarteko sateliteen taldean (INTELSAT) sartu zen.
Rank Xerox
korporazioak lehen telekopiagailua jarri zuen merkatuan.
Mikroprozesagailua
garatu zuten.
1972 Urte bukaeran, Kanadako Northern Telecom
konpainiak lehen PBX digitala diseinatu zuen, SG-1 edo PULSE deitua. Gerora, berriz
diseinatu zen, eta lehenengo telefonogune erabat digital eta pribatua izan zen.
Denbora-zatiketa bidezko multiplexazioa (TDM) erabiltzen zuen.
1973 Robert Metcalfe estatubatuarrak
konputagailuen arteko komunikazioa ahalbidetzeko teknologia berria garatu zuen,
eta Ethernet deitu zion.
Motorola
konpainiako Martin Cooper ingeniari estatubatuarrak telefono zelular baten
bidezko lehenengo deia egin zuen. Izan ere, telefono zelularra Cooperrek berak
asmatu zuen, eta, beraz, Motorola izan zen telefono zelularra diseinatu eta fabrikatu
zuen lehen konpainia.
1974 Estatu Batuek Westar 1 eta 2
eta ANIK sateliteak orbitaratu zituzten. Horietako bakoitzak dozena bat
telebista-kanal transmiti zezakeen.
Hewlett-Packard konpainiak sakelako lehen
konputagailu programagarria kaleratu zuen.
IBMk SNA
sare-arkitektura (Systems Network Architecture) sortu zuen, sareen lehen
arkitektura. Geroago, DNA arkitektura (Digital
Network Architecture) etorri zen, sare digitalaren arkitektura, alegia.
1975 IBMk lehen inprimagailua atera zuen.
1976 Motorolak TTL teknologia sortu zuen,
mikroprozesagailu berriak garatzeko erabili zena.
Atlantako
telebista-estazio bateko jabe Ted Turner satelite bidezko telebista
transmititzen hasi zen Estatu Batu guztietan zehar.
Chicagon,
denbora-zatiketa bidezko multiplexazioa (TDM) darabilen lehen kommutazio-gune
digitala inauguratu zuten, ESS 4 izenekoa.
1977 Sistema zelularraren lehen prototipo
komertziala instalatu zuten Chicagon.
1978 Venuseko atmosferari buruzko informazioa
lortu zuten.
Zuntz optikozko
lehenengo sarea jarri zuten Berlinen.
Eremu lokaleko lehen sareak agertu
ziren, eta baita balio erantsiko lehen zerbitzuak ere.
1979 CITESA konpainiak kommutazio elektronikoko
lehen telefonogunea garatu zuen.
Sony-k
lehen irrati-kasetea garatu zuen.
Uztailaren
16an, INMARSAT (INternational MARitime SATellite organization) erakundea sortu
zen. MARECS sateliteak erabiltzen zituen, eta, besteak beste, satelite bidezko
komunikazio- eta nabigazio-zerbitzuak eskaintzen zizkien itsasontziei.
Telefono
mugikorra 70eko hamarkada bukaeran jaio zen, baina 90eko hamarkadan gertatu zen
benetako masifikazioa.
80ko hamarkada Sare digitalak (ahotsa, bideoa, datuak)
azaltzen hasi ziren.
1980 Faxarentzako estandar internazionala onartu
zen (III Taldea), gaur egunera arte facsimileen transmisiorako erabili dena.
Bell System
konpainiak (egungo AT&T) telefonian erabili zuen zuntz optikoa.
Irailean,
Xeroxeko Robert Metcalfek Ethernet sarerako definitutako espezifikazioak
aurkeztu zituen.
Japoniako
zenbait enpresak kondentsadore aldakorrik gabeko lehen irrati-hargailuak
merkaturatu zituzten. Kondentsadoreen ordez, PLL sintetizadorea eta maiztasunak
markatzeko teklatu numerikoa erabili zituzten.
Mikrotxipen
kapazitatea 64 megabytera handitu zuten.
Lehen
konputagailu eramangarria merkaturatu zuten.
Banda
zabalaren teknologia erabiltzen hasi ziren. Banda-zabalera horrek
bideokonferentziak egiteko aukera ematen zuen.
1981 Sateliteen V. seriea sortu zen, 12.000
ahots-kanal eta 2 telebista-kanal zituena. Aurrerago, VI. serieko sateliteek
hirukoiztu egingo zuten aurreko serieko sateliteen ahalmena. Garai hartan, VI. serieko
sateliteek seinalea Lurreko estazio lokaletara eta kablezko sareetara igortzen
zuten; egun, ordea, erabiltzaile bakoitzak zuzenean jaso dezake seinalea.
Telefonia
zelularra jaio zen.
Bereizmen
handiko telebista (BHTB edo HDTV, ingelesez) sortu zen.
Kanal anitzeko
soinuaren teknologia sortu zen. Lehenengo CD-irakurgailuak eta disko konpaktuak
merkaturatu ziren.
Europan,
telefono zelularra 1981ean merkaturatu zen lehenengoz; izan ere, Suedian,
Finlandian eta Danimarkan Nordic Mobile Telephone konpainiak NMT450 sistema
merkaturatu zuen. TACS (sarbide osoko komunikazio-sistema) teknologia erabiltzen
zuen lehen sistema zelularra izan zen. Aurrerago, Alemanian C-Netz (C sarea), Frantzian
Radiocom2000 eta Italian RTMI/RTMS sistemak sortu zituzten. 80ko hamarkadaren
erditik aurrera, Europan 9 sistema zelular analogiko zeuden, elkarren artean
bateraezinak. Europako estatu eta konpainiek elkarlanean aritzeko hitzarmena
sinatu zuten, guztientzako estandar bakarra eta teknologia digitalean oinarritutako
sistema eraikitzeko helburuarekin. Estandar berri hori GSM (Global System for
Mobiles) izan zen, eta Europako Telekomunikazio Estandarren Institutuak (ETSI)
ezarri zuen, 1982an.
1982 Madrileko SESA (Standard
Eléctrica, S.A) konpainia
elektrikoak zuntz optikoen gaineko urruneko kontroleko sistema eta tentsio
altuko lineetan jartzeko zuntz optikozko kable bidezko 2 Mbps-ko sistema garatu
zituen.
1983 Telefono mugikorretan, AMPS (telefonia
mugikorreko zerbitzu aurreratua) teknologia erabiltzen duen lehen sistema
komertziala jarri zen martxan, Chicagon.
Frantzian, Minitel
kaleratu zuten, direktorio elektronikoen sistema. Sistema hori nazio mailako
datu-sare baten oinarritzen da; etxe bakoitzean terminal bat instalatzen da,
eta terminal horrek zerbitzu eta direktorioak zentralizatuta dituen datu-base
baterako sarbidea ematen du.
FCCk telebista-seinaleak
mikrouhinen bidez transmititzeko teknologia garatu zuen, MMDS (Multichannel
Multipoint Distribution Service, puntu anitzeko eta kanal anitzeko banatze‑sistema).
Estatu
Batuetan, teknologia analogikodun lehen telefono zelularra kaleratu zuten, eta
estandarrari Ethernet (IEEE 802.3) izena jarri zioten.
1984 1980ko hamarkadaren hasieran,
erabiltzaileen terminaletaraino teknologia digitala erabiltzen zuen sare
telefoniko berri baten oinarriak ezartzen hasi ziren. Horren ondorioz, CCITT
(egungo ITU-T) erakundeak gomendio bat kaleratu zuen: ISDN, zerbitzu integratuen sare digitala. ISDN
sarearen bidez, erabiltzailearengana heltzeko sistema digitala baliatu eta
telefoniako balio erantsiko zerbitzuak eta datu-zerbitzuak eskaini nahi ziren.
Hasieran, ISDNk ez zuen espero adinako arrakastarik izan.
Satelite
baten bidez, lehenengo aldiz kometa baten irudiak Lurrera transmititzea lortu
zen.
1985 Ordenagailuen eta Komunikazioen
Industriaren Elkarteak (CCIA) kableei buruzko estandar bat garatzeko eskatu
zion Industria Elektronikoen Elkarteari (EIA).
Zuntz
optikoa transmisio-bide egokienentzat jo zen, kable ardazkidearekin konparatuz
gero ahalmen eta transmisio-kalitate handiagoa zituelako eta kostu txikiagoa
zuelako.
1986 Giotto zunda Haley kometaren
zentrotik 500 km-ra kokatu zen, eta datu fisikoak bidali zituen Lurrera.
1987 Audio digitaleko formatu berria erabiltzen
hasi ziren, kasete digitala (DAT).
1988 Atlantikoa zeharkatzen zuen zuntz optikozko
lehen kablea jarri zuten martxan, TAT-8 izenekoa. 6.600 km-ko luzera
zuen.
1989 Tim Barners-Lee ikertzaile ingelesak Word
Wide Web (WWW) edo mundu zabaleko amarauna sortu zuen.
Horretarako, Ted Nelson filosofo eta soziologo estatubatuarrak 1965ean
asmatutako hipertestu ideian oinarritu zen.
Satelite
bidezko irrati-difusiozko sistema digitalak sortu ziren Alemanian. Sistema
horien bidez, bereizmen handiko telebista lortu zuten.
Voyager
2 satelitearekin
Neptuno planeta baino 4,4 bilioi kilometro urrunagoko informazioa jaso zitekeen.
Lehen ISDN
komunikazio-sistemak ezarri ziren Rotterdam inguruan.
90eko hamarkada Informazioaren teknologia, sistema banatuak
eta prozesaketa banatuak sortu ziren.
1990 Digital Equipment, StrataCom, Northern
Telecom eta Cisco enpresa pribatuek indarrak uztartu zituzten, eta lau enpresek
ekoitzitako ekipoen arteko komunikazioa ahalbidetzeko protokoloa definitzea
erabaki zuten. Horrela, Frame Relay protokoloaren oinarriak ezarri zituzten.
Handik gutxira, AT&T konpainia Frame Relay zerbitzuak eskaintzen hasi zen.
1991 Dockent 91-228-k dei-identifikatzailea
kaleratu zuen.
1992 Interneten jaiotza komertziala gertatu zen.
GSM sistema
(komunikazio mugikorretako sistema orokorra) abiarazi zuten. TDMA teknologian (denbora-zatiketa
bidezko sarbide anizkoitza) oinarrituta zegoen.
1993 Estatu Batuetan, teknologia digitala
erabiltzen hasi ziren telefonia zelularrerako.
Intel
korporazioak Pentium prozesadorea merkaturatu zuen.
1995 DWDM teknologia (dentsitate handiko
uhin-luzeraren banaketaren bidezko multiplexazioa) zerabilen lehen aplikazio
komertziala atera zuten, 8,4 Tb/s-ko abiadura lor zezakeena.
1996 Urrian, USRobotics konpainia X2 teknologia
erabiltzen hasi zen modemetan, eta 56 kbps‑ko abiadura lortu zuen.
Urrian,
baita ere, H.323ren lehen bertsioa onartu zuten, hau da, pakete-kommutazio
bidezko datu-sareen bidezko ahots, bideo eta datuen transmisio estandarra.
Terry
Wynne-k orain arteko mundu mailako sarerik handienaren proiektuaren ideia
zabaldu zuen: WWW.
Ahots
telefonikoa eta musika Internet bidez kalitate handiarekin transmititzeko
softwarea garatu zuten.
1997 Estatu Batuetan, ADSL teknologia
merkaturatu zuten.
1998 Beheko orbitako sateliteen bidezko
zerbitzuak eskaintzen hasi ziren.
Sare
optikoen sistemek 3,2 Tbit/s-ko abiadurarekin transmiti zezaketen.
DSL txipa sortu
zuten (harpidedun-linea digitalaren txipa). Datuak 1,5 Mbit/s-ko abiadurarekin
deskargatzeko aukera ematen zuen, hau da, modem analogikoekin baino 30 aldiz
azkarrago.
1999 Martxoan, Saioa Hasteko Protokoloa (SIP) onartu
zen.
Gaur egun,
telefono mugikorraren kontzeptuak telefonoa baino zerbait gehiago esan nahi du,
beste tresna batzuetan ere erabil daitekeelako (PDA edo eskuko ordenagailua…).
Telefonia mugikorreko sareak datuak transmititzeko erabiltzeak, gainera, ateak
zabaltzen dizkio beste mundu bati.
2000 X-400 sistema probatzen hasi ziren. Sistema
horrek sare telefonikoetara konektaturiko terminal informatikoen bitartez
transmisio telegrafikoak egiteko aukera ematen du.
2001 DoCoMo konpainiak UMTS sistema
(telekomunikazio mugikorren sistema unibertsala) edo hirugarren belaunaldiko
telefonia mugikorra merkaturatu zuen Europan.
2003 1997az geroztik, haririk gabeko sare
lokalak (WLAN) asko ugaritu dira. 1999an, nazioarteko Wi-Fi Alliance sortu zen,
dispositiboen elkarlana bultzatzea helburu duen taldea. Talde horri zor zaio,
batez ere, WLAN sareen hedapena.
2006 Gaur egun, era guztietako sateliteak ditugu: komunikazioetarako erabiltzen direnak, nabigaziokoak, militarrak, meteorologikoak, Lurraren baliabideak aztertzen dituztenak, zientifikoak... Gehienak, hala ere, komunikazio-sateliteak dira, eta, besteak beste, komunikazio telefonikorako, datu-transmisio digitalerako eta telebista-irudiak transmititzeko erabiltzen dira.