Antena

Antenaren luzera seinalearen maiztasunaren araberakoa da; hain zuzen ere, uhin-luzeraren balio bera edo horren zatiki erabilgarriaren balio bera izan behar du. Horregatik, adibidez, irrati‑uhinak hartzeko antenak telefonia mugikorreko antenak baino luzeagoak dira. Luzeraz gain, beste faktore batzuk ere kontuan hartzen dira antenak sailkatzeko.

Norabidea kontuan hartuz gero, bi eratako antenak aurki daitezke: batetik, antena direkzionalak, norabidearen arabera energia gehiagoko edo gutxiagoko uhin elektromagnetikoak igortzen dituztenak eta seinaleak ere hein handiagoan edo txikiagoan hartzen dituztenak; bestetik, norabide orotako antenak, norabide guztietan energia bereko uhinak igortzen dituztenak eta norabide guztietatik seinaleak hein berean hartzen dituztenak.

Osagai-kopuruaren arabera, berriz, bi eratakoak izan daitezke, oro har: polo bakarreko antenak, osagai aktibo bakarra dutenak, eta bi poloko antenak, seinalea bi osagairen bidez jasotzen dutenak. Gaur egun, gainera, beste antena-mota bat ere erabiltzen da: MIMO antena (Multiple Input Multiple Output) edo sarrera anitzeko eta irteera anitzeko antenak; azken horiek hainbat antena elkartuta sortzen dira, eta egitura horrek antenen errendimendua handitzea du helburu.

Irabaziari dagokionez, bi antena-mota bereizi ohi dira: irabazi handiko antena, norabide jakin bateko uhin elektromagnetikoak hartzeko gaitasun handia duena, eta irabazi txikiko antena, errendimendu txikiagoa duena.

Azkenik, uhin elektromagnetikoa zein norabidetan polarizatzen duten kontuan hartuz gero, antena bertikalak, horizontalak, eliptikoak eta zirkularrak daude.

Antena-mota horiekin guztiekin batera, antena parabolikoak ere aipatu behar dira; parabola-formari esker, gainazalera heltzen diren seinale ahulak fokuko hargailu-igorgailuan kontzentratzen dituzte, eta, hartara, sistemaren errendimendua areagotzen dute.

Amaitzeko, esan beharra dago antenak sailkatzerakoan kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk ere badirela, hala nola maiztasuna, potentzia, etab.