POSTA ELEKTRONIKOA
Azkeneko urteetan, jende asko eta askori posta elektronikoa telefonoa baino erosoagoa iruditzen zaio, bai harreman pertsonaletarako bai profesionaletarako. Izan ere, oso denbora gutxian posta elektronikoa harremanetarako tresna bikaina bihurtu da, dela lagunen arteko harremanetarako dela bezero, hornitzaile, langile eta abarren arteko komunikaziorako.
Askori azken hamar bat urteetako asmakizuna dela irudituko zaien arren, posta elektronikoa da Interneten erabiltzen dugun tresnen artean zaharrenetakoa. Hain zuzen ere, duela 30 urte inguru sortutako baliabidea da, eta, aurreikuspenen arabera, badirudi aurrerantzean ere luze erabiliko dela. Izan ere, posta elektronikoaren erabiltzaileen kopurua gero eta handiagoa da. Gainera, kontuan izan behar da hornitzaile askok doan eskaintzen dutela posta elektronikoaren zerbitzua (Euskaltel, Yahoo, Hotmail, eta abar), eta horrek, noski, posta elektronikorako sarbidea izateko aukera ematen die gero eta erabiltzaile gehiagori.
Mezua idazteaz gain, posta elektronikoak fitxategiak bidaltzeko aukera ere ematen du, hala nola erosleen fakturak, argazkiak, txostenak eta beste hamaika fitxategi-mota. Gainera, doako zerbitzua eskaintzen duten hornitzaileen bidez, posta elektronikoa sarera konektatuta dagoen edozein terminaletatik kontsultatu eta kudeatzeko (mezuak bidali, jaso, gorde, sailkatu, eta abar) aukera dago.
Posta
elektronikoaren bidezko harremana ez da erabat segurua. Izan ere, kontuan izan
behar da zer, nori eta nola bidaltzen zaion.
Hori guztia kontrolatzeko, ingelesez eta beste zenbait hizkuntzatan netiquette terminoaz ezaguna den kontzeptua sortu zen, hau da, mezu elektroniko bat bidali nahi denean kontuan hartu beharreko arauen multzoa. Nolabait esateko, arau-multzo horrek posta elektronikoaren erabiltzaileen arteko harremana egokia dela bermatzen du. Gainera, ez dira aparteko arauak ere, gehienak erabiltzaileen zentzu komunari jarraiki sortutakoak baitira: mezuaren gaia adieraztea komeni da, hartzaileak mezua interesatzen zaion edo ez jakin dezan; ortografia eta gramatika zaintzea komeni da, mezua sinesgarria izan dadin; eta abar. Bestalde, mezuan ematen den informazioarekin ere kontu handia izan behar da, hartzaileak helbide elektronikoa faltsutu eta mezua sarean zehar heda baitezake, beste baten izenean.
Beste arau asko ere badira, baina, esan bezala, oinarria bera dute guztiek: zentzu komuna. Labur esanda, ez da komeni norberak jaso nahiko ez lukeen mezurik bidaltzea. Izan ere, sarean dauden baliabideek muga bat dute, eta erabiltzaile guztien ardura da muga hori errespetatzea.
Era berean,
erabiltzailearen ardura da helbide elektronikoa behar bezala kudeatzea.
Helbidea zenbat eta ezagunagoa izan, erabiltzaileak aukera handiagoa du
interesatzen ez zaizkion mezuak jasotzeko, hala nola publizitatea, bidezko
kausa baten aldeko laguntza eske bidaltzen diren mezuak eta, batez ere,
erabiltzailearen terminalean birusa instalatzen duten mezuak.
Izan ere, azken hori da posta elektronikoaren etsairik nagusiena. Ordenagailuan instalatuz gero, birusek kalte handia eragin dezakete, eta ahaltsuenak ordenagailua erabat hondatzera hel daitezke. Posta elektronikoaren bidez heltzen diren birusei aurre egoteko, ezinbestekoa da ordenagailuan birusen kontrako programa bat instalatzea edo, bestela, sarearen bidez eskaintzen diren birusen kontrako zerbitzuak erabiltzea mezuarekin batera bidaltzen diren fitxategi erantsiak aztertzeko.
Birusarekin batera, eta beste maila batean bada ere, zabor-posta deritzona ere oso deserosoa izaten da. Zabor-posta bidaltzaile ezezagunek igorritako mezuek osatzen dute, hau da, eskatu gabe jasotzen ditugunek: publizitatea, eskaintza bereziak, eta abar. Kasu horretan, egokiena da mezuei ez erantzutea, erantzunez gero zabor-mezu gehiago jasotzeko aukera baitago, eta, gainera, ordenagailuan birusa instalatzeko arriskua ere badago.
Azkenaldian, iruzur egiteko modu berri bat agertu da: posta elektronikoaren bidez, erabiltzaileari buruzko informazio konfidentziala eskatzea, batez ere Interneten bidezko zerbitzua eskaintzen duten bankuetako datuei buruzkoa (pasahitza, bezero-zenbakia, kontu‑zenbakia, eta abar). Jarduera horri pishing esaten zaio ingelesez. Mezu elektroniko bat bidali eta finantza-erakunde baten izenean idazten diotela sinestarazten diote erabiltzaileari, eta itxuraz erakunde horren webguneko hasierako orria den web-orri faltsu batean bere datuak sartzeko eskatzen diote. Hartara, iruzurgileek erabiltzailearen datu pertsonalak eta bankuko datuak eskuratzen dituzte.
Esanak esan, eta nahiz eta teknologia berriak agertu, posta elektronikoak harremanetarako tresna bikaina izaten jarraituko du luzaroan.