Erradiazio
elektromagnetikoa
Uhinek,
oro har, bi ezaugarri nagusi dituzte: maiztasuna eta uhin-luzera. Bi ezaugarri
horiek, gainera, alderantziz proportzionalak dira; hau da, maiztasuna zenbat
eta handiagoa izan, uhin‑luzera txikiagoa izango da. Bestalde, uhinen
erradiazioaren energia maiztasunarekin proportzionala da, honako erlazioaren
arabera: E = hν (ν:
erradiazioaren maiztasuna; h:
Planck-en konstantea, h = 6,6262 x 10-34
J·s). Horrela bada, zenbat eta
maiztasun handiagoa izan, energia handiagoa izango du uhinak; edo, beste era
batera esanda, zenbat eta uhin-luzera handiagoa izan, energia txikiagoa izango
du.
Uhin elektromagnetikoen artean, uhin-luzera handienetik txikira (energia txikienetik handienera) irrati-uhinak, mikrouhinak, izpi infragorriak, argi ikusgaia, izpi ultramoreak, X izpiak eta gamma izpiak daude.
Beraz, uhin-luzera handiena (eta energia txikiena) dutenak irrati-uhinak dira, eta horiek dira, hain zuzen ere, kablerik gabeko telekomunikazioetan gehien erabiltzen direnak. Dena den, mikrouhinak dira azkeneko urteetan gehien ugaldu direnak; izan ere, duela gutxi arte komunikazio militarretan eta Lurreko eta espazioko estazioen arteko komunikazioetan soilik erabiltzen baziren ere, gaur egun gero eta gehiago erabiltzen dira, mikrouhin-labeetan eta telefono mugikorretan batez ere.
Esan bezala, irrati-uhinez eta mikrouhinez gain beste uhin-mota hauek era badaude: izpi infragorriak (astronomian, meteorologian, medikuntzan, isolamenduetan eta abarretan erabiltzen dira, eta baita komunikazioetan ere, elkarrengandik oso hurbil dauden gailuen artean), argi edo erradiazio ikusgaia (eguzki-erradiazioaren zatirik handiena da), izpi ultramoreak (lanpara fluoreszenteetan, mineralak aztertzeko tekniketan, arte-lanen faltsutzeak egiaztatzeko sistemetan eta abarretan), X izpiak (erradiografiak egiteko) eta gamma izpiak (medikuntzan).